Sanpedroak hemen dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 23a, 20:25

Gaur hasi eta uztailaren 3ra bitartean jaietan murgilduta egongo dira sopeloztarrak. Besteak beste, San Juan sua egongo dago gaur gauean eta, bide batez, Sanpedroak berotzen hasteko Ene Bada taldeak girotuko duen erromerian dantzatzeko aukera edukiko dute, ostegun honetan 22:30etik aurrera, txosnetan elkartzen direnek. Hurrengo egunetan ere, ikuskizunak, hitzaldiak, jolasak eta kontzertuak egongo dira txikien zein handien gozamenerako. Hall Kulturalak eta hainbat herritar elkarteek prestatutako ekitaldiak hiru gunetan banatuko dira: udaletxeko plaza, txosna gunea eta Zipiriñe ikastola.

Ume eta gazteei zuzendutako ekintza eta ikuskizunak egongo dira Zipiriñen: jolas parkea, bitsa, pailasoak, diskoteka... Beste alde batetik, mota askotako txapelketa eta lehiaketan egongo dira San Pedrotan: petanka, briska, makailau txapelketa, arku-jaurtiketa... Baita musika eskaintza oparoa ere. Udaletxeko plazan egongo diren erromeriekin batera, Ene Bada (erromeria), Kukuma (folka) eta Ayama (reggae) taldeek kontzertuak emango dituzte txosnetan. Antzerkiak ere, bere txokoa edukiko du, Organik taldearen ES3IN ikuskizunarekin.

Aldarrikapenerako tartea ere jaietan

Aldarrikapenerako tartea ere egongo da Sopelako jaietan. Ostiralean, gazte kalejira zaratatsua antolatu dute, txosnetatik abiatuta, Amarratsak Kolektiboa eta Sopelako Gazteak taldekoek. Hurrengo egunean, berriz, presoen aldeko kalejira egingo dute. Eta igandean, herri bazkaria.

Ikusi egitarau osoa agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun