Getxo Antzokian egingo da Udalbiltza berrantolatzeko batzarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 24a, 23:10

Dabi Alonso Herria Aurrera plataformako kideak gaur goizean adierazi duenez, larunbatean Arriaga Antzokian Udalbiltza berrantolatzeko batzarra egiteko baimenik ez du eman Bilboko Udalak, eta ondorioz, Getxo Antzokian egitea erabaki dute. Goizeko 10:00etatik aurrera egingo den bilera Udalbiltzan dauden bi adierazpenak bat egiteko lehen urratsa izatea nahi dute deitzaileek.

Hasiera batean, Bilboko Arriaga Antzokian egin behar zuten ekitaldia. Hala, astelehen goizean kontratua sinatu zuten Bilboko Udalarekin, eta udaleko ordezkariek gauza bera egitea baino ez zen falta. Astelehen arratsaldean, ordea, arazoak zeudela esanez dei egin zieten, eta, asteartean, berriz, batzarra Arriagan egitea "ezinezkoa" zela jakinarazi zieten.

Hori dela eta, Bilboko Udalaren jarrera salatu dute batzarraren antolatzaileek. Pili Azkorbebeitia Getxo Bizia plataformako kideak, Oskar Arana Urduliz Bagarakoak eta Dabi Alonso Bilboko Herria Aurrerakoak adierazi dutenez, nolabaiteko arrazoi teknikoak argudiatu zizkieten udaleko ordezkariek baimenik ez emateko, baina bestelako zehaztapenik egin gabe. Benetako arrazoien berri emateko eskatu diete Bilboko Udaleko ordezkariei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun