Ez dira hamahiru - Mikel Carramiñana / Mediaberriko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 24a, 23:20

Euskal Herriko komunikabide guztietan agertutako titularra izan da "Berria"ren lehen urtebetetzearena. Zalantzarik ez zoriontzeko dataz ari direla. Baina Martxelo Otamendik zuzendutako kazetaren ibilbideak, urrunago laga du, nonbait, garai bateko euskal kazeta bakarra izan zen "Egunkaria". Hamahiru urtez izan zen "Euskaldunon Egunkaria" herri oso baten erreferentzi nagusienetariko bat. Aurrera begira behar dela, itxaropenaz gainera, argi dute gehienek. Izan ere, iazko ekainean agertu zenetik hona, emaitza bikainak izan ditu argitalpen berriak. Zalantza dago ordea, militanteki egin ziren harpidetza eta akzio erosketak epe luzera mantentzerik dagoen. Baikor agertu dira EKTko arduradunek, eta hau ere ospatzeko modukoa da. Duela urte eta erdi etsipenak jota bizi zirenak orain poztasuna agertzea, aro bat gainditu izanaren sinbolo da.

Andoainen, Martin Ugalden, Euskal Herriko egungo historiaz zer esan handia duen museoa bisitatu daiteke. Egunkariaren egoitzak badu oraindik bere itxiera agintzen duen folio bat, Guardia Zibilaren ezkutuaz jantzita. Del Olmo epailea lanpetuta dabil Martxoak 11ko atentatuen ikerketan. Denbora izan du, hala ere, Egunkariaren itxiera berriro luzatzeko. Arrisku larria ikusi omen du jada likidazioaren zain dauden enpresa birengan. Berriak frogatu egin du paper puska batek ezin duela herri baten kultura eta hizkuntza isildu. Berdin dio nork sinatutako DIN A-4 den. Madrilgo Gobernu sozialistak nahi baino aldaketa gutxiago burutu ditu, orain arte behintzat. Euskal Herriak mesfidantza osoz begiratu behar dio Zapaterori. Torturak ukatzeaz gain hauen salatzaileekiko mesprezu osoa adierazi dute, dispertsio politikaren jarraipena ez aipatzearren. Eskerrak honetan ere, euskaldunak aitzindari direla. Espainian eta Munduan tortura XXI. Mendean oraindik existitzen dela jakin berri dutela ematen du. Euskal Herritarrek aski ezagutzen duten errealitatea da. Enpirikoki ere esperimentatu du euskal herritar gehiegik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun