Bi titulu hauek bertako ikasleen interes eta ezaugarri bereziei egokituta daude, eta ikasleok unibertsitate munduko kezka gizatiar eta intelektualekin harremanetan jartzen saiatzen da.
Giza Zientzietako titulua hiru ikasturtetan banatua dago, eta honelako gaiak lantzen ditu: Historia Unibertsala, Artearen Historia, Gaur Egungo Egoera Sozial eta Kulturalak, Geografia eta Ekologia, eta Euskal Kultura. Gainera, hautazko gai ugari ere eskaintzen dira, hala nola Informatika, Europako Batasuna, Zuzenbidea edota zenbait hizkuntza.
Titulu hau unibertsitarioa da, ez bakarrik programaren diseinuagatik eta irakasleen jatorriagatik, baizik eta baita tituluari bultzada eta gorpuzkera akademikoa ematen dion erakundearen bermea duelako ere, hau da, EHUrena.
Titulu honetan matrikulatzeko aurretik ez da inongo titulaziorik behar. Esperientzia Geletan matrikulatzeko baldintza bakarrak bi dira: kasuan kasuko urteko urriaren 1a baino lehen 55 urte beteta izatea, eta erretiratua, horren parekoa edo etxeko andre-gizona izatea. Bestalde, ikastaroetan barrena eta beroriek gainditzeko ez da inongo azterketarik egin behar, baina bai eskoletara joan eta bertan modu aktiboan parte hartu.
Eskola guztiak goizez ematen dira, Bilboko Alde Zaharreko EHU-BBK eraikinean. Interesatuek bertan eman dezakete izena, eta informazio gehiago eskatu.
2003-2004 ikasturteko datuak
Joan den ikasturtean, 327 ikaslek hartu zuten parte Bizkaiko Esperientzia Geletan: 87k lehen mailan, 91k bigarrenean eta 56k hirugarrenean. Azken horiek Esperientzia Geletako ikasketak amaitu dituen bigarren promozioa osatzen dute.
Iazko 327 ikasleetatik ehuneko 60 emakumeak izan ziren, eta gainontzeko gizonezkoak. Adinari dagokionez, erdiak baino gehiago 55 eta 65 urte bitartekoak izan ziren, baina batzuek 75 urte baino gehiago zuten.
Titulazioari begira, gehienek ikasketa agiria edo eskola graduatua zuten, baina izan zen diplomatu eta lizentziaturik ere. Guztira 85 irakasle aritu ziren diploma honetan eskolak ematen joan den ikasturtean.