PPk eskatuta, jaien dekretuan aldaketak egin ditu Getxoko Gobernu Batzordeak, "txosnetan terrorismoaren apologia egitea debekatu dadin". Aldaketa berrien arabera, txosna ematen zaien kultura eta kirol taldeek euren jarduerari erreferentzia egiten dioten kartelak eta leloak baino ezin izango dituzte erabili. Esan beharra dago, Algortako Portu Zaharreko jaietatik aurrera baino ez duela izango eragina aldaketak, aurrekoak hartzen dituen dekretua, San Inaziokoak barne, PPk eskaera egin aurretik idatzita zegoelako jada.
"Jaien eredua hobetzeko" asmoz, jaien dekretuan zortzi neurri berri aurkeztu zien udalean ordezkaritza daukaten taldeei Kultura Batzordean. "Jai guneetan, txosnetan eta horien inguruan terrorismoaren apologia eta gorazarrea egitea" debekatzeko eskatzen zuten popularren.
Ostiralean ospatu zen azken udalbatzarran, berriz, mozioa aurkeztu zuten, jaien egitarauen inguruan, terrorismoaren aldeko adierazpenik badako, diruz lagundu ez daitezen, ezta baimendu ere. Konpartsa eta jai batzordeei buruz, neurri horiek ez betetzekotan, "zuzenean jaietatik kanpo geratzea" eskatzen zuen testuak. Hala ere, mozioa ez zen onartua izan.
Jadanik bazegoen dekretuak "behar bezain zehatza" zela argudiatu zuen Guzman Aranaga kultur zinegotziak, eta Udalak badaukala behar beste babes "araudia ez betetzekotan neurriak hartu ahal izateko". Halaber, horiek jaien osteko informazio batzordeetan aztertuko direla adierazi zuen Aranagak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.