Bill Bruford britainiarrak zabalduko du bihar Getxoko Jazzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 30a, 00:11

Bill Bruford britainiar bateria-jolea izango da, asteazken honetan, Getxoko Jazzaldia irekitzeko arduraduna. Aipatutakoa izango da aurten ere Euskal Herriko jazz jaialdien lehen geltokia eta Uribe Kostako udalerriak lan gogorra egin du mundu osoko kultura musikala biltzen duen jaialdi handi hau prestatzerako orduan. Ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean ospatuko da Jazzaldia Getxon, eta Barbara Hendricks abeslari estatubatuarra izango da protagonista nagusietako bat.

Getxon izango da, beraz, jaialdi honen lehen geltokia baina ez bakarra, Gasteizen eta Donostian ere egingo baita jazz musikaren jaialdia. Getxoko Jazzaldiak 240.000 euroko aurrekontua du eta Talde Lehiaketako irabazleak 3.000 euro eta garaikurra eskuratuko ditu, eta CD bat grabatzeko aukera izango du.

Emanaldiak

Kontzertuei dagokienez, esan bezala, Getxoko Jazzaldia irekitzeko arduraduna Bill Bruford britainiar bateria-jolea izango da. Hurrengo egunean, uztailaren 1ean, hain zuzen ere, Brussels Jazz Orchestraren txanda izango da.

Uztailaren 2an, ostera, Chano Domínguez andaluziarrak eskainiko du kontzertua, jazza eta flamenkoa uztartzen duen musikariak, alegia. Jazzaldiaren laugarren eguneko protagonista iparramerikako McCoy Tyner konpositore eta piano-jolea izango da.

Getxo Jazz 2004ri amaiera emateko, Barbara Hendricks estatubatuarra izango da gure artean, nazioarteko ahots lirikorik onenetakoa duen emakumea. Azken kontzertu horretan, Barbara Hendricks-ek Magnus Lindgren Quartet izango du lagun, Getxo Jazz jazzaldiko Taldeen Lehiaketako irabazlea 2000. urtean.

Kontzertu nagusi hauek Biotz Alai plazan izango dira 21:30ean hasita. Sarrerek prezio ezberdinak izango dituzte, 12 eta 65 euro bitartekoak, hain zuzen ere. Halaber, gazte eta nagusiek prezio berezia izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Taldeen Lehiaketa txapelketari dagokionez, aurten ere gazteak eta "Hirugarren Milurtekoa" ataleko artistak izango dira protagonista, jaialdiak musikari gazteen alde egiten duen apustuaren erakusgarri. Getxo Antzokiko Plazan eta arratsaldeko 19:30ean hasita izango dira kontzertu hauek guztiak eta sarrera dohainik izango da.

Guztira 15 emanaldi izango dira, jam session-ak ahaztu gabe. Hauek Algortako Piper`s Irish Pub-ean egingo dira, Biotz Alai Plazako kontzertuak bukatzerakoan eta gazteentzat zuzenduriko ekitaldiak direla aitortu dute antolatzaileek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun