Algortako Okupazioaren Aldeko Mugimenduko kideek adierazi dutenez, barruan lotan zeudela, hiru udaltzain heldu dira 7:00ak inguruan Urgull kaleko lokaletara. Egoeraren inguruan erabaki bat hartzeko udaletxean batzarra zegoela esan eta, agindurik jaso arte, bertan geratuko zirela adierazi diete gazteei. Bitartean, atean geratu eta apurka-apurka kanpoan biltzen hasi den jendeari barrualdera sartzea debekatu diote.
Gazteak, berriz, bilera horretan parte hartzeko nahia adierazi diete polizia agenteei, eta hasiera batetan, udaltzainak saiatuko zirela erantzun dieten arren, azkenik hiru minutu eman dizkiete bertatik ateratzeko. 11:00ak aldera, Ertzaintza agertu eta kanporatuak izan dira gazteak. "Hasieran, elkarri helduta batu gara gela batetan atera gintzaten galerazteko. Baina egoera ikusita gure kabuz ateratzea hobe zela ikusi dugu. Berrogehi ertzain inguru zeuden bertan", adierazi du gazteetako batek. Barruan zeudenetatik zazpi baino ez dituzte identifikatu. "Antza bazekiten zeintzuei datuak eskatu", salatu du kezkaturik gazteak.
Kanporatuak izan ostean, okupazio berria
Algortako Okupazioaren Aldeko Mugimenduak bultzatuta, ekainaren 25ko arratsaldean egindako manifestazioaren ondoren okupatu zuten Galeako bidean Aixerrotatik hurbil dagoen etxea. Gaztetxea egiteko asmoz, lau egunetan garbitzen eta txukuntzen egon eta gero, atzo 10:00ak aldera botatzen hasi ziren indusmakinek. Bertan bildutakoei oldartu zitzaien Ertzaintzak.
Gazteek adierazi zutenez, "ezusteko handia" izan da, bost egun bakarrik igarota, etxea bertan behera bota izana. Hala ere, indusmakinek lanean zeuden momentutik bertatik argi zeukaten lehenbailehen okupatzea zela erantzunik egokiena. Horrela, 20:00etan hasitako manifestazioa amaituta, Urgull kaleko antzinako kultur etxeko lokaletan sartzea erabakia zuten gazteek.
Algortako gaztetxe berria izango zena suntsitzeagatik protestatzeko, bertatik abiatu zen manifestazioa. "Gaztetxeak aurrera, eraso gehiagorik ez!" lelopean, hamarnaka gazte bildu ziren kaleetan eta Iñaki Zarraoa alkatearen kontrako oihuak nabarmenak izan ziren ibilbide osoan zehar. Izan ere, atzo gertatutakoaz gain, lau urtetan Udalak lau gaztetxe bota dituela salatu nahi izan dute: Sastraka, Kutxitril, Burdinola eta Maidagan hain zuzen ere. Hori guztiari erantzuteko, Urgull kalean zegoen aurreko Algortako Kultur Etxeko lokalak hartu zituzten, manifestazioaren ostean. Bertan igaro dute gaua gazteek. Hala ere, kaleratuak izan dira.
Gaiaren inguruko berriak:
Algortako Gaztetxea bota dute. Manifestazioa 20:00etan Gaztetxetik (2004 Eka 30)
Aixerrotan gaztetxea egiteko etxea okupatu izana salatu du Getxoko PPk (2004 Eka 29)
Getxon aste batean bi okupazio: Erromoko Gaztetxea eta Algortako Gaztetxea (2004 Eka 28)