Familia-giroan euskararen jarraipena bultzatuko dute Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 1a, 22:22

Familien barruan euskara belaunaldiz belaunaldi zabaldu dadin bultzatzeko, "Euskaraz Blai" sentsibilizazio kanpaina abian jarri du Berangoko Udalak. Izan ere, euskararen aldeko jarrera eta erabilera bera bermatzeko, familia-giroa funtsezkoa dela uste dute. Aurten seme-alabak izan edota 1 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familia berangoztar guztiei zuzenduta dago kanpaina (400 bat): familia euskaldunei, gurasoetako bat baino ez denean euskalduna, zein erdaldunak direnei. Besteak beste, udal ezberdinek abian jarri eta Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako Alkarbide erakundeak koordinatzen du egitasmoa.

Horrela, seme-alaba jaioberriaz zoriontzeko Miren Dobaran alkatesak berak sinatutako gutuna bidaliko da etxeetara bihartik aurrera. Gutunarekin batera liburuxka bat ere bidaliko zaie, umeen inguruko giroa euskaraz garatzeko aholkuak ematen dituena. Beti ere gurasoen euskara-mailaren arabera. Oparitzat belakia, adur-zapia eta sehaska-kantak dituen musika CDa ere emango zaie.

Urte batetik gorako umeak dituzten familiei ere bidaliko zaizkie gutuna eta liburuxka, baina kasu honetan, udan gaudela ikusita, mahukatxo pare bat oparituko zaie.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun