Marisa Arruek agerian utzi duenez, Batasuna udaletxean ez dagoela agintaldiko lehenengo urtea bete delako, "euren buruak zoriontzeko" eman du gaurko prentsaurrekoa Getxoko PPk. "Askatasun apur bat gehiago egoteaz gain, ETAko hiltzaileek jada getxoztarren diruarekin ez direla finantziatzen harrotasunez hartu behar dugu", adierazi du, Zarraoa "demokraten garaipenarekin" ez duela bat egin nahi gaineratzearekin batera.
Horretaz gain, "mundu erradikalarekin" Zarraoak duen "elkarkeria" kritikatu du Getxoko PPko bozeramaleak eta "biltimen eta demokratengandik aldendu" izana egotzi dio alkateari. "Berak eta EAJk erradikalei ordaintzen dieten bidesaria ezagutzeko esandakoak entzutea besterik ez dago", gaineratu du.
ETAko Bizkaia komandoari laguntzea leporatuta kondenatua izan zen Patxo Zabalari buruz hitzegiterako orduan, berriz, "tiro frogak egiten", Barrikako baserrian "ETAko kide garrantzitsuak izan zituenaren "susmoa" duela aipatu du Arruek. Atezain lanetan, bisitak euren bulegoetara laguntzen zituela ere gaineratu du. PPko zinegotziak esan duenez, "harreman zuzena zeukan gurekin. Sartzeko eta irteteko ordutegiez gain, une horietan babesturik geunden ala ez ere bazekien".