Gertuko albisteak - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 5a, 14:33

Erdi oporretan milaka kilometrotara nagoen arren, gure herriko albisteak jasotzen ari naiz prentsa digitalari esker. Nazio Eztabaida Gunea eta Nazio Garapenerako Biltzarra eratu berriaren berri normalean paperean irakurtzen ditudan komunikabideen bitartez izan dudan bezala, UKberrik besteek baino informazio hobea eskaini dit Getxoko enegarren gaztetxearen eraistearen inguruan edo Getxoko PP eta PSOEk euren ohiko abertzalearen ehizan egin duten azkeneko agerraldiari buruz.

Sormen libre eta aisialdirako espazioak gazte mugimendu sozialaren aspaldiko errebindikazioa da. Leioan, Sopelan, Algortan, Erromon… gaztetxe desberdinak izan dira eta baten bat bada orain ere Uribe Kostan. Getxon ekimen indartsuak ezagutu ditugu azken urteotan eta lokal desberdin asko izan dira gazte iniziatiba kulturaletarako babesleku eta iniziatiba horien erakusgarri. Erromon egun gaztetxe bat dago eta Aixerrotakoa eraitsi ondoren Algorta eta Getxoko gazteak berriro daude kalean, kanpaldia eta guzti Urgul kaleko kultur etxea indarrez hustua izan eta gero.

Errealitate honek ustez hurbilen dagoen instituzioa den Udalaren aldetik erantzun positiboa behar du. Beste udalerri batzuetan badira esperientzia positiboak eta horiengandik ikasteko borondatea baino ez da behar. Batek baino gehiagok pentsa dezake, eguneroko gertakizunei egokitutako mezuekin pentsamendu bakarra zabalduz Almansa, Arrue (orden ortografikoan jarrita) eta euren partiduen helburua, Zarraoa eta berea desgastatzea eta zigortzea dela. Ez dut nik ukatuko hori ere helburu dutenik, baina hori baino gehiago nire iritziz pentsamendu bakarra bera eta ezkerreko abertzaleen jazarpena dute helburu.

Kartzelatik zigorra bete ondoren irten denari lan postua ukatu nahi diotenean, jaietako adierazpenak euren erara murriztu nahi dituztenean, militante abertzaleak edozein aitzakia dela medio euren epaitegi eta zuloetara eramaten dituztenean edo hautespen unibertsalerako oinarri oinarrizko eskubide demokratikoa milaka zatitan apurtzen dutenean, eurek marraztutako joko zelai espainol-konstituzionala iraunaraztearren, hori gainditzeko ahalmen kritiko eta ahalmen politikoa erakutsi dutenak bizitza politiko eta sozialetik baztertu nahi dituzte, muturreraino, zuloraino baztertu ere.

Erantzunik egokiena bazterrean ez geratzea da. Mezu eta ekimen eraikitzaileen bitartez bizitza politiko eta sozialean txertatzea eta murriztu nahi dizkiguten eskubideak praktikara eraman.

Uda bete betean sartu zaigularik, aipatu nahi dut azkenik oporrak ondo disfrutatzeko batek egin duen azken gonbitea. Jaiak bai, Oporrak ere bai! Hau izango al da Sanferminetatik aurrera kalez kale itsatsita eta espraytuta ikusiko dugun leloa? Leioa eta Sopelako jaietan oraingoz ez dugu ikusi. Baietz inon agertuko dela!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun