Adituek diotenez, uraren funtzioak aztertzeko lau arlo ezberdin hartu behar dira kontuan: ura oinarrizko eskubide bezala, eskubide sozial bezala eta zilegizko negozio edo negozio ez zilegi bezala.
Alde batetik, argi dago ura izatea oinarrizko eskubidea dela gizaki guztiontzat ura bera beharrezkoa baitugu bizitzeko-. Hala ere, munduko herrialde askotan eskubide hori ez dago bermatuta herritar askorentzat; beraz, administrazioek eta agintariek tinko lan egin beharko dute oinarrizko eskubide hori gizaki guztiengana helarazteko. Hori lortuz gero, adituen esanetan, herriak euren lurraldearen jabe izatera helduko dira.
Uraren bigarren funtzioa eskubide eta zerbitzu soziala izatea da. Hori horrela izanda, guztion ardura da erabiltzen dugun uraren kalitatea kontrolatzea (bai gure bizitza pertsonalean eta baita arlo profesionalean ezberdinetan ere). Hemen beste galdera bat sortzen da: ura zerbitzu publikotazk jo ondoren, nola ulertu uraren kudeaketa pribatua, alde batetik, eta uraren interes orokorrekoa izatea, bestetik? Batzuek esaten dute zerbitzu publiko baten kudeaketaren atzean enpresa pribatu bat egoteak kezka sortzen duela beti. Beti? Nik ez dut uste mesfidantza hori han zabalduta dagoenik, batez ere enpresa pribatu horietan administrazioko ordezkariak egoten direlako normalean lekuko gisa.
Ados nago, ordea, uraren interes orokorra zalantzan jartzen dutenekin. Kasu gehienetan, urtegi handiek ogibidetzat lur txikiak dituzten nekazariei ez diete inolako irtenbiderik ematen (haien herriak hustu baino ez). Aitzakia da lan erraldoi horiek, urtegiak alegia, guztiontzat onuragarri izango diren proiektuak gauzatzeko ezinbestekoak direla.
Hona hemen, bada, aztertu beharreko hirugarren eta laugarren arloak: ura zilegi edo zilegi ez den negozioa. Era askotako negozioek ura behar dute bere betebeharrak aurrera eramateko. Ondo da. Uraren Kultura Berriaren mugimenduaren aldekoek onartzen dute pertsona orok negozioa egiteko daukan eskubidea eta aukera; baina, bestetik, ura bezalako baliabide preziatua erabili behar baldin badute horretarako... ordain dezatela. Zilegi, ezta?
Hala ere, filosofia hau ezin da defendatu edozein negozio kasutan. Guztion ondarea bada ura, ezin da onartu honen erabilera kontrolagabea urria edo eskasa den leku batzuetan. Alegia, zer gertatu da Almerian azken urteetan? Espainiako ingururik pobreenetako eta lehorreenetako batean sortu dituztela negutegi anitz eta kontsumitzen ari diren ur kantitateak izugarriak dira. Edo golf zelaiak eraikitzen ari diren hainbat lekutan (Andaluzian...)? nondik ateratzen dute leku hauetan ura? Akuiferoetatik, legez kanpoko putzuetatik... Hor ura urre bihurtzen da eta urrearen etekin handiak gutxi batzuentzat bakarrik dira. Hemen dago koxka. Hauek dira zilegi ez diren negozioak. Nahiz eta ura denona izan, ezin dugu nahi duguna, kontrolik gabe, egin.
Auzi hauek guztiak modan daude oso gaur egun. Interes ekonomiko asko, eta oso handiak, daude tartean eta administrazioak tira-biraka dabiltza arazoak konpontzeko.
Gobernu berriak du Espainiak orain eta Sustapen Ministerioaren arduradunek honi lotutako auzi anitz eta konpontzeko zailak aurkitu dituzte mahai gainean. Zer gertatuko da Plan Hidrologiko erraldoiarekin? Eta Ebroren trasbasearekin? Badirudi aurreko gobernuko agintariek lotuta utzi zituztela auzi hauen guztien azkenak (lanen esleipenak ...); baina nola gaurko politikariak ez datozen bat hartutako erabakiekin, irtenbideak bilatu beharko dituzte arazko guzti hauei erantzunak emateko.