Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren XXVIII. edizioa bukatu berri da eta jaialdiak iraun duen bost egunetan 9.500 pertsona inguruk hartu dute parte jazz musika biltzen duen jaialdi handi honetan, antolatzaileek gaur eskainitako datuen arabera.
Getxo Antzokia Plazatik abiatuta eta arratsaldeko 19:30ean hasita, zaleek "Hirugarren Milurtekoa" ataleko musikaz gozatzeko aukera izan zuten aire zabalean, beti ere, talde beterano zein jaioberrien emanaldiei esker. Atal honetako taldeen artean, Jon Urrutia laukotearen, Solid! talde norvegiarraren eta John Pinone talde madrildarraren emanaldiak izan ziren ikusgai, besteak beste, aipatutako plazan.
Gauean, ostera, Taldeen Lehiaketak izan zuen garrantzia, ezezagun diren taldeek ezagutzera emateko aukera paregabea izan baitzuten. Horrela, Jazz Sextet of Rostov talde errusiarrak irabazi zuen Getxoko Jazzaldiaren XXVIII. edizioko Taldeen Lehiketa, epaimahaiko kideek eta zaleek horrela erabakita. Biotz Alai Plazan izandako Taldeen Lehiaketan, Milo Suchomel Quartet edota Listen!, bigarren sailkatua, talde norvegiarra izan ziren ikusgai Getxoko Jazzaldian.
Bestetik, Robin Verheyen saxofoi-joleak, Robin Verheyen Trio taldeko liderrak, alegia, Bakarlari Onenaren Saria eskuratu zuen Taldeen Lehiaketan.
Biotz Alai plazan kontzertu arrakastatsuenak
Kontzertu nagusiei dagokienez, Bill Bruford Earthworks bandako liderraren, Brussels Jazz Orchestraren, Chano Domínguezen eta McCoy Tynerren kontzertuek arrakasta handia izan zuten eta jende asko bildu zuten Getxoko Biotz Alai Plazan.
Getxoko Jazzaldiaren XXVIII. edizioari amaiera emateko, antolatzaileek Barbara Hendricks sopranoaren kontzertua antolatu zuten eta oso arrakastatsua izan zen. 2000. urteko Taldeen Lehiaketako irabazlearekin batera, Magnus Lindgren Quartet taldearekin batera, abeslari estatubatuarrak ez zuen huts egin.
Getxoko Piper´s Irish Pubean antolatutako Jam Sessions-ak ere oso arrakastatsuak izan ziren eta kontzertuak amaitzerakoan jazz musikaz gozatzeko aukera eskaini zuten. Jordi Matias laukotea arduratu zen Jam Session hauetako musikaz.
Getxoko Jazzaldiak amaiera jo du baina Euskal Herriak Jazz musikaz gozatzen jarraituko du, Gasteizek, Baionak eta Donostiak, hurrenez hurren, jaialdiak eskainiko baitituzte.