Duela gutxi abian jarritako "Getxo ekinean" proiektuak, aurrekoek ezarritako helburu berberak mantenduko ditu, hau da, lan merkatuan sartzeko aukera gutxi duten pertsonei laguntza ematea: emakumezkoak, menpekotasunak dituzten lagunak, oinarrizko errenta jasotzen dutenak eta epe luzeko langabetuak. Horiei guztiei eskaintzen zaizkie motibazioa, formakuntza, enpresetan praktikak eta bekak. Horrez gain, autoenplegua bultzatzen dute lan munduan sartzeko era egokiena delakoan. Jorratzeko arloak ere aurrekoetan ezarritakoak dira: haurtzaroa, adinekoak eta mepekotasunak dituzten pertsonak, baina arlo horiek dituzten beharrak lehen baino hobeto ezagutzen dituzte, eta beraz, "Getxo ekinean" egitasmoak aurrera joateko aukera gehiago du.
Gaur eginiko aurkezpenean, "Enplegua indartzen plus" izeneko programari buruzko datuak azaldu ditu Iñaki Zarraoa alkateak. Horrela, parte hartu nahi izan duten 367 lagunetatik, 96k formakuntza lortu dute, 71ek praktikak egin dituzte, 68k bekak jaso dituzte eta 49k kontratua lortu dute. Autoenpleguaren arloan, 61 lagun artatu dituzte, 20k formakuntzan hartu dute parte, 3 enpresa berri sortu dira eta 5 lagun lan munduan sartu dira. Aipatutako zifrek, Udalak hasiera batean jarritako helburuak gainditu dituzte. Balantzea, erabat baikorra da Iñaki Zarraoaren hitzetan, "ezarritako helburuak bete dira eta pertsonek lana bilatzeko lanetan gogo gehiago edukitzea lortu dugu"
Enpresa sarea
Behargintza, Enplegu eta Ekonomia Garapenerako Zentroaren bidez, Udala udalerriko eta inguruetako mila enpresekin jarri da harremanetan "Enplegua indartzen plus" egitasmoari esker, eta enpresa sarea eratu du. Hori dela eta, "Getxo ekinean" proiektu berriak lana errazagoa izango du.
Herritarren partaidetza, enpresarekiko hurbilketa eta zeharkakoa eta berrikuntza jorratzen jarraituko dute, diskriminazio positiboa eta prebentzioa helburuak izanda.
Fernando Urkiola Bizkiako Foru Aldundiko enplegu zuzendariak adierazi duenez, arlo bastertuetan lana bultzatzeko udalek egiten duten lana ezinbestekoa da, "horiek direlako herritarrak ondo baino hobeto ezaguntzen dituztenak eta langabetuen egoeratik hurbilago daudenak.