Kontzertu nagusiei dagokienez, Ibon Koteron izango da Getxo Folk jardunaldiei hasiera emateko arduraduna, irailaren 1ean. Albokaren maisua izan da euskal musika tresna honen berreskurapenaren protagonista nagusia. Gaur egun, Kepa Junkera bezalako artista ezagunekin egiten dituen kolaborazioekin tartekatzen ditu bere lanak eta emanaldiak. Oraingoan, "Airea" bere lan berriko kantuak aurkeztuko ditu. Horretan, Europako eta Afrikako soinuak eta erritmoak bildu ditu Koteronek.
Irailaren 2an, bretainiar eta magrebtar doinuak uztartzen dituen Thalweg taldeari helduko zaio txanda. 2000an sortu zen eta hamar musikarik osatzen dute. Besteak beste, Emmanuel Le Houezec abeslaria eta Khliff Miziallaoua baxu jolea nabarmendu daitezke.
Touré Kunda talde senegaldarrak emango du kontzertua irailaren 3an. Touré anaiek osaturiko taldeak 1970eko hamarkadaren bukaeran ekin zion bere ibilbideari. Ordutik hona, bere herrialdeko soinu tradizionalak zabaldu ditu mundu osoan zehar. Senegaleko doinuetan oinarritu arren, gaur egungo musikarekin uztartzen dituzte horiek, musika tresna elektrikoak erabiltzen baitituzte.
Azkenik, La Volée D'Castors talde quebectarrak emango dio bukaera Getxo Folk jaialdiari, irailaren 4an. La Bottine Souriante taldearekin batera, Quebeceko musika taldeen artean ezagunena da La Volée D'Castors. Mugarik ezagutzen ez duen musika interpretatzen dute, soinu tradizionalak eta gaur egungo konponketak uztartuz.
Arratsaldeko eta gaueko kontzertuak
Beste alde batetik, ohikoa denez, nazioarte mailan oso ezagunak ez diren arren, kalitate handia duten taldeei egingo zaie lekua arratsaldeko kontzertuetan. Aurtengoan, Xuacu Amieva (Asturias), Kukuma (Euskal Herria), Kilema (Madagaskar) eta Sidi Samb (Senegal) taldeak arituko dira.
Gauetan ere, zer ikusi eta zer entzun egongo da Getxo Folk 2004 jaialdian. Arratsaldeko kontzertuetan bezala, Areetako Geltokiko Plaza ondoan egongo den beste karpatik igaroko dira Nubeira (Galizia), Belsech (Kanariar Uharteak), Taray (Murtzia) eta Zoobazar (Madril).