Bihar 19:00etan irekiko ditu ateak Gorlizko I. Erdi Aroko Azokak. Besteak beste, asto gainean ibilaldiak egin eta arku-tiroa praktikatu ahal izango dute bisitariek.
Beste alde batetik, larunbat goizean, 11:00etan, musikariek eta pregoilariek beteko dituzte kaleak. Txikienek ere izango dute jarduerez gozatzeko aukera. Horrela, 13,30etik aurrera, azokarako prestatu diren sormen-tailerretan parte hartu ahal izango dute. Eta joko ezberdin eta dibertigarriak izango dituzte.
Arratsaldez, 18:00etan hasita, kalejira egongo da azoka bisitatuko duen Erret Gortearekin, eta, horrekin batera, musikariak, zangaluzeak eta malabaristak helduko dira. Ondoren, 20:00etan, "Romancero" izenburuko ipuin-kontalarien ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute haurrek. Eguna bukatzeko, La Familia Pobrez taldeak kale antzerki emanaldia eskainiko du.
Igandean ere 11:00etan zabalduko da azoka. Ordubete geroago, Los Alegres Tarados del Ritmo taldeko kideek musikaz beteko dituzte Gorlizko kaleak. Geroago, 13:30ean, animazioa hasiko da merkatuan, eta bufoiek eta malabaristek eskainiko dituzten ikuskizunez gozatu ahal izango da.
Azken egunean ere egongo dira haurrentzako jolasak, ipuin-kontalariz eta zuzeneko musikaz lagunduta, 18:00etatik aurrera. Bi ordu geroago, sabeleko dantza ikusi ahal izango dute bisitariek, eta Ekialde Urrunetik ibilalditxoa egingo dute suarekin arituko diren malabarekin.
Gaueko 21:00etan, La Familia Pobrez taldeak berriz ere eskainiko du kale-antzerki emanaldia. Azkenik, 22:00etan bukatuko da Gorlizko Erdi Aroko Azokaren lehenbiziko edizioa.