Ekimen hau gure udalerrian aurrera eramaten ari diren Euskararen erabilpenerako Normalizaziorako Plangintzaren barruko "GEHI-Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena" programaren barruan kokatzen da. Honen bitartez herriko 21 gazte-elkarterekin euskararen erabilpena bultzatzeko hitzarmena sinatu zen eta orain kirol eta kultur elkartetara zabaldu nahi dute. "Kirol elkarteekin hasiko gara, kirola gazteen ohiko jarduera baita eta Euskal Autonomi Erkidegoan euskararen normalizazioa lortzeko egiten den planteamenduak gazteei ematen die lehentasuna, hauek baitira gizartearen talde euskaldunduena" adierazi du Iñaki Zarraoa alkateak.
Azterketaren faseak
Ikerketak elkarteak eta Udalak antolatutako kirol ekitaldiak ez ezik Getxon eta Fadurako Kirol ekitaldian dauden 55 elkartek antolatzen dituztenak ere hartuko ditu kontuan. Getxon beste elkarte batzuek antolatzen dituzten ekitaldiak ere aztertuko ditu. Bestalde, azterketak honako hamar fase hauek izango ditu: eremua zehaztea, zeharkako informazio iturrien ustiapena (Eusko Jaurlaritzarena, Foru Aldundiarena eta beste esperientzia batzuena...), egin beharreko lana zehaztea, lehen proiektuaren barne aurkezpena (Euskara Sailari, Fadurari, Kirol Sailari...), alorraren hizkuntz-diagnostikoa, kirol taldeekin proposamenak, helburuak eta hitzarmenak adostea, hitzarmenen jendearen aurretiko ekitaldia, emaitzak herritarrei ezagutzera ematea, jarraitzeko egitura prestatzea eta urtebeteko lanaren ebaluaketa.