Kontseiluak arrazoi duela konturatuta - Igor Elordui / AEKko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 8a, 22:26

Kontseiluak Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioa euskalduntzeko plangintzek emaitza eskasak izan dituztela eta Administrazioa euskalduntzeko politikak ez diela gizartearen premiei erantzuten salatu berri du. Antza, 2002 urtea amaitu aurretik lehentasunez elebiduntzea aurreikusi ziren 84 ataletatik bakar bat ere ez da helburu horretara iritsi eta oraindik II. Plangintzaldia amaitu zenetik urte eta erdi pasatu arren, ez da ezagutzera eman ebaluazioek zer esaten duten. Baina larriena, Kontseiluak esandakoari erreparatuta, zera da: II. Plangintzaldi horretako emaitzak hain kaskarrak izan arren, III.enerako aurreko helburu, baliabide eta eragiteko oinarri berberak aplikatzen jarraitu nahi dutela.

Nire oraingo lerrook ez dute Administrazioa larrutzeko asmorik, nahiz eta Kontseiluak dioena egia dela pentsatzen dudan. Izan ere, plangintzak goitik behera aztertu beharrik ez dago horretaz jabetzeko. Parte honetako euskal hiztunok ere sarri nozitu dugu Administrazioaren elebakartasun espainolak eragin digun atsekabea. Aurrerapausoak emango ziren noski, baina iraganarekin edo Euskal Herriko beste Administrazioekin konparatzea emaitzak kamuflatzea da. Administrazioari exijitu egin behar diogu, inori baino gehiago gainera, berari baitagokio gure hizkuntzaren geroa ziurtatzeko eta gure hizkuntz eskubideak errespetatuak izateko neurriak jartzea. Baina nire gaurko asmoa beste bat da. Nik gaur beste "erru" batzuk ere agerian utzi nahi ditut. Gureak diren erruak alegia, leihatilaren alde batean zein bestean paratzen garen herritar xumeonak: Zenbat herritarrek igarri dute Kontseiluak dioena egia dela Kontseiluak berak esan barik? Zenbat euskaldunek? Euskaldunen artetik zenbatek?

Nekez konturatuko zen euskaraz ezingo zuela berbarik egin horretarako ahaleginik egin ez duena. Erosotasunagatik, lotsagatik, erdaldun-konplexuagatik, euskaldun-konplexuagatik edo auskalo zergatik bere eskubideari uko egiten dion euskaldunak ez dio ez bere buruari, ez gainontzeko euskaldunei, ez euskara ikasten dabilenari, ez euskarari berari mesederik egiten. Baina, Artzek esandakoari behingoz ñabardura egin behar zaiolakoan ere banago: Hizkuntza bat ez da dakitenek egiten ez dutelako bakarrik galtzen, ez dakitenek ikasten ez dutelako ere bai. Beraz, euskara ikasi eta erabili, ikastera eta erabiltzera bultzatu, ikasten ari direnei lagundu, egiten dutenei onura atera... Eta Kontseiluak arrazoia daukala konturatuko zara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun