90 enpresa egongo dira gune berria osatzen duten zazpi eraikinetan. Horietako bi bulegoak dira, beste lau nabeak eta azkenekoa udal ekipamendurako biltokia. Guztira, 450 langile arituko dira bertan.
Inbertsioei dagokionez, Neinor enpresa-sustatzailea izan da diru gehien jarri duena, 18 milioi euro. Eta jadanik hasi dira euren lekuak hartzen Ibarrabarrin lehenengo enpresek.
Besteak beste, Idoia Zenarruzabeitia EAEko lehendakariordeak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak parte hartu zuten atzo goizean, Leioako Udondo auzoan, Ibarrabarri enpresa-guneko inaugurazio ekitaldian. 55 mila metro koadroko azalera duen enpresa-guneak "herria egiteko bidea adierazten duen egitasmoa da", Zenarruzabeitiaren hitzetan, "garapen jasangarria eta elkarrizketa bezalako kontzeptuak uztartzen baititu". "Amets" hori abian jarriz, bizitzeko ez ezik, lan egiteko ere herria badela Leioa argi geratu da, lehendakariordeak adierazi duenez. Hala ere, ez dira guztiak ospakizunak izan. ELA eta LAB sindikatuek deituta, bertan elkartu ziren Leioako udaletxeko langileak Udalari lan-hitzarmena negoziatzeko eskatzeko.