Aipatutako langa lehenbailehen kentzea, hondartzadako sarrera librea eta doakoa izatea eta ibilgailuak aparkatzeko lehen erabiltzen ziren guneak berreskuratzea eskatzen du EKAk. Horretaz gain, Barinatxeko parkingean ezarritako aparkatzeko tasa "konstituzioaren aurkakoa eta baztertzailea" dela uste dute erakundekoek. "Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua urratzen du, denok berdinak garela esaten duena alegia", nabarmendu dute. Izan ere, sopeloztarrek eta Uribe Kostako surflariek (EHSFk eta Udalak sinatutako akordioari esker) tasa ordaindu behar ez dutela salatu nahi dute kontsumitzaileen elkartekoek. Gainera, "gehiegizkoa" jotzen dute tasa, "bost minutuko estantzia zein egun osokoarena prezio bera dutelako: bost euro"
"Herritar guztien zerbitzura"
Imanol Garai alkateak, bere aldetik, neurri horiek "babestutako kostaldeko eremua zaintzeko" hartu direla adierazi du. Azaldu duenez, "Sopelako Udala bera da herriko ingurumena zaintzen lehenengo interesatua. Hori dela eta, aparkalekuak erregulatu, hondartzetako guneak oinezkoentzat jarri eta autobusak baliatu ditugu bertara joateko. Bide batez, gure hondartzetan zirkulazio-anabasa ekidin eta oinezkoei bidea erraztea lortu nahi dugu". Azkenik, Sopelako Udalaren jarduna "sopeloztar guztiei zerbitzua emateko eta araudiak betetzeari begira" zuzenduta dagoela adierazi du Garaik, "baita ostalariei ere".