Ezin izango da "sentiberatasuna mindu" dezakeen kartelik jarri txosnetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 9a, 19:56

Getxoko Gobernu Batzordeak onartutakoaren arabera, udalerriko jaietako batzordeek eta txosnen elkarte arduradunek ezin izango dute "euren jarduerarekin harreman zuzena" ez duten mezurik jarri. Era berean, batzordeek bandoetan, pregoietan, eskenatokietatik egiten diren agerraldietan, megafoniaren bitartez eta abarretan ezin izango dute "kolektibo eta herritar zehatzen sentiberatasuna eta jai giroa" kalte ditzaketen adierazpenik egin. Udal iturrien esanetan, onartutako bi puntu hauek, jaietan "herritarren arteko elkarbizitza" izatera lagundu nahi dute.

Beste alde batetik, musika ordutegiari eta potentziari dagokionez, iazkoak bezalakoak izango dira bete beharreko arauak. Horrela, jaietako azken egunean, musika zein txosnak gehienez 24:00etan itxi beharko dira. Gainontzeko egunetan, 2:00ak izango da kontzertuak bukatzeko ordua eta 3:30ak txosnetan eta eskenatokietan musika kentzearena. Gehienez 4:30ak arte egon ahal izango dira zabalik txosnak.

Jaiak ospatzen diren auzoko bigarren mailako ostalaritza zentroak 4:00ak arte egon ahal izango dira zabalik eta 4:30ak arte hirugarren mailakoak. Lokalen kanpoaldean barrak jartzeko ere dekretua plazaratu du Udalak.

Azkenik, kontzertuetarako soinu potentzia gehienez 100 dezibeliokoa izan beharko da eta txosnetakoa 90koa.

Dirulaguntzak

San Ignazio jaiak uztailaren 29tik abuztuaren 1era izango dira. Jaietarako emango dituen 30.050 euroko dirulaguntzarekin batera, Kultur Etxeari beste 30.353 euro emango dizkio Getxoko Udalak uztailaren 30ean eta 31ean izango diren su artifizialetarako. Traka eta zezensuzkorako 200 euroko ez ohiko dirulaguntza ere emango du.

Erromoko jaiak abuztuaren 5etik 8ra izango dira, 2an ekintzaren bat izango bada ere. Getxoko Gobernu Batzordeak jai batzordeari 21.000 euroko dirulaguntza emango dio.

Bi kasuetan herri kirol eta bertso saio batzuetarako dirulaguntzak ere emango dituzte.

Datorren uztailaren 25ean Aixerrotako Nazioarteko Paellen XLIX Lehiaketa antolatzeko ere 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du Itxas Argia elkarteak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun