Droga-trafikoa egotzita hamaika pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, horietatik bi Berango eta Erandioko bizilagunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 9a, 22:28

Ertzaintzak jakinarazi duenez, estupefazienteekin trafikatzen zuen talde baten ustezko hamaika kide atxilotu dituzte Bizkaian, azkenengo egunetan. Epailearen aurrera eraman ostean, horietatik bost espetxera sartu dituzte. Biilbon eta itsasadarreko bi aldeetan kokaina, speed eta hatxisa banatzeko sarerik garrantzitsuenetako bat osatzen omen zuten atxilotutakoek. Hain zuzen ere, I.A.M. berangoztarrari egotzi diote Eskuinaldeko arduraduna izatea eta taldea kokainaz hornitzea. Bestalde, AJ.D.L. Erandioko bizilaguna ere atzeman dute.

Urtarrilean jarri zituen abian ikerketa lanak Ertzaintzak, Bilbon droga-trafikatzaile bat atzeman zutenean. Egindako jarraipenari esker, V.A.V. 31 urteko Kantabriako bizilaguna hirian zein itsasadarreko bi aldeetan droga-trafikoaz arduratzen zen taldeko burua zela ondorioztatu zuen polizia autonomikoak. Uztailaren 5ean atxilotu zuten 24 urteko A.E.B. bikotekidearekin batera. Izan ere, lanik eduki ez arren, bizi-maila altua zuen.

Hortik aurrera egindako ikerketen arabera, beste hiru pertsonek ere zeukaten taldearen ardura, koordinaketaz eta lotura lanak egiteaz V.A.V. arduratzen bazen ere. Bakoitzak bere kabuz jarduten zuen geografikoki egokitutako guneetan drogak banatuz. Are gehiago, bere banatzaileak eta bitartekariak zeuzkan baikoitzak. Sarea estupefaziente ezberdinez hornitzea ahalbidetuz.

Bilbo, Ezkerraldea eta Eskuinaldea

Besteak beste, V.A.V. taldeko burua zen, Herbeheretan zituen kontaktuen bitartez, sarea speed-az hornitzen zuena. Gainera, bera arduratzen zen drogak Bilbon banatzeaz. O.M.S. eta I.A.B. bilbotarrek, 36 eta 31 urtekoak, laguntzen zioten horretan. Drogak gordetzeaz eta maila txikiagoko saltzaileei emateaz arduratzen ziren hauek. Uztailaren 6an atxilotu zituzten. Ekainean harrapatu zituzten Galdakaoko I.O.R. eta J.O.R. anaiek ere lan hori beteko lukete. Azkenik, herenegun atxilotutako AJ.D.L. 39 urteko erandioztarrak osatuko luke banaketa sarea Bilbon.

Ezkerraldean, berriz, J.M.L. 29 urteko Barakaldoko bizilaguna litzateke taldearen arduraduna. Horretaz gain, Ertzaintzaren ustez, bera arduratzen zen taldea kalitate oneko hatxisaz hornitzeaz, Marokon zituen kontaktuen bidez. Osasun publikoaren aurkako delitua egotzita atxilotu zuten astelehenean J.M.L.

I.A.M. 28 urteko Berangoko bizilaguna litzateke, Ertzaintzaren hitzetan, drogak Eskuinaldean banatzeko eta taldea kokainaz hornitzeko arduraduna. Madriletik etortzen omen ziren estupefazienteak, nazioarteko sareen bitartez. N.S.I. eta E.G.F. bilbotarrak ere, 22 eta 21 urtekoak, atxilotu zituzten I.A.M.rekin batera, uztailaren 3an, legez kanpoko hainbat gaiekin Espainiako hiriburutik bueltan zetozela.

Purutasun handiko hiru kilogramo kokaina hartu zizkien Ertzaintzan. Gainera, txakurrek atzeman ez zezaten, produktu berezi batekin nahastuta zegoen droga. Halaber, sistema elektronikoek atzeman ez zezaten babes berezia zuen. Gaur egun, espetxean dagoen J.J.D. gizonak osatuko luke sareko arduradun taldea.

Miaketak

Atxiloketekin batera, hainbat etxe arakatu ditu Ertzaintzak. Hasierako kokaina hiru kilogramoez gain, hamar kilogramo hatxis, lau kilogramo speed eta 500 gramo marihuana aurkitu dituzte, merkatuan 210 mila euroko balioa izango luketenak. Horretaz gain, dirua eta ibilgailuak hartu dirtuzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun