Bigarren trantsizioa? - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 10a, 16:41

Egunotan asko aipatzen ari den gaia dugu Trantsizioarena, baina ahaztu egiten da lehenbizikoarekin alderatuz egoera asko aldatu dela. “Trantsizio” kontzeptua bera kolokan jarri beharra dago, kontzeptu horretan estatuaren egituren jarraipenaren ideia baita nagusi. Lehenengoan, Autonomien Espainia diseinatu zen hartan, batez ere Estatuaren batasuna finkatu zen; subjektua herri espainiarra zen, eta horren guztiaren bermea, Armada.

Oraingoan berriz, Espainiaren paradigma bera dago kolokan. Gaur egun kontzeptu horri estatu plurinazional bateko herrien subiranotasuna kontrajartzen zaio. Lehen trantsizioan aldatu gabe geratu zen paradigmaren hausketaren aurrean gaude. Hortaz, ezin gara, zehatz hitz eginda, bigarren trantsizioaz mintzatu estatuaren paradigmaren beraren eraldaketa sakonaz baizik.

Herrien subiranotasunaren paradigma berriak sakonki ari da eragiten Espainiar Estatuaren bizitza, eta horrek gatazka biziak eragiten ditu estatuaren beraren aparatuen baitan, hauen funtsezko parte diren alderdi politikoen barruan ere, ezen hauek Estatu-erakundeak dira-eta beste ezer baino.

PNVn adibidez, estatutuaren aldekoak daude. PSOErekin itun batera iritsi eta prozesu estatutario berri batera heltzea dute helmuga. Beste batzuek berriz, subiranotasuna azpimarratu eta abertzaleekin akordioak bilatzea nahi dute. Ibarretxeren planak berak sektore bi horien nahiak islatzen ditu. Printzipioak kontuan hartuz, Plana subiranotasunerantz dago orientatuta, baina garapenari erreparatzen badiogu estatutistek nahi duten norabiderantz okertzen da: hiru probintziak, Espainian eroso bizi… Horregatik Arnaldo Otegiri Planaren lehen partea gustatzen zaio, eta PNVk “dena ala ezer ez” erantzuten dio. Ondorioz, ezker abertzaleak Plana zatitu egin nahi du, ez dadila galeriari eskainitako deklarazio hutsean geratu batetik eta bilakaera praktiko estatutista bat suertatu finean. Zarraoaren kandidatura laguntzeko asmoz Arzalluzek egindako itzulerak argi erakutsi digu gatazka ez dela oraindik amaitu eta aurrerantzean ere tentsio handiak sortuko dituela alderdian eta gizartean ere bai.

EAk ere joera ezberdinak ditu. Alde batetik, Jaurlaritzarenganako leialtasun instituzionalak pisu politikoa ematen dio, baina bestetik duen bokazio abertzaleagoak ERCren eredurantz darama. Horrek oraingo Jaurlaritza egoera ezegonkorrera eraman dezake.

Alderdi espainolistek ere tirabirak dituzte arazo hau dela-eta. Espainolismoaren bertsio zurrunak porrot egin ondoren, PSOE deserdiratzeaz, autonomismoa sakontzeaz, eta Estatuaren itxura pluralistagoaz ari da. Dena dela, batzuek egonkortasunaren berme ikusten badute ere, estatutismoan sakontzea edo birsorketa estatutarioak porrotera joango dira. Errealitateak eta ezker abertzalearen lanak trantsizio kontzeptua baztertzera eta beren eskubideak exijitzen dituzten nazio historikoen arazoa beste modu batean planteatzera behartuko ditu.

Horregatik guztiagatik, ziurgabetasunez betetako panorama bat irekitzen da politikan, tentsioz, ustekabez, gatazkaz betea. PSOEko Caldera jaunak 14-Mren ostean alderdi erregionalista eta nazionalistez inguratuta eginiko argazkia, galeriarako argazkia baino ez da. Hortik ez da aterako —nire ustez— argazkian inplizituki dagoena: itun estatutario berri bat, alegia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun