Udako Liburutegiek 2.000tik gora liburu eskainiko dituzte aurten. Horrela, irakurleek eleberri, ipuin, aldizkari, eguneroko prentsa edota komikien artean aukeratu ahal izango dute. Publikoa "irakurketa errazera" eramatea da helburua, udako garaiari egokituz, eta batez ere gazteenei zuzenduta dago, terrazen erabiltzaile nagusiak izaten baitira.
Gainera, txikienek gozatu dezaten, etxoletan hainbat joku izango dira, eta begiraleek koordinaturiko hainbat jarduera ere antolatuko dira, liburua eta izaera ludikoko joko eta jarduerak uztartzeko asmoz.
Getxo udalerriko kaleak berriro izango dira "Letren Terrazak" ekimenaren agertoki uztailaren 13tik abuztuaren 27ra bitartean, haur eta nagusien artean irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, udal liburutegiek irekiko dituzten hiru etxoletan. Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez, Areetako Geltokiko Plazan, Getxoko Sarri Plazan eta Algortako Geltokiko Plazan egongo dira etxolak. Astelehenetik ostiralera egongo dira irekita, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20,30era.