"Ertibil Bizkaia 04" erakusketak egungo artearen pluraltasunarekin eta aniztasunarekin topo egitea proposatzen dio ikusleari. "Munduko arazoekin, gizakien nortasunarekin edo gizarte errealitatearekin zerikusia duten gaiak eta bitartekoak artistaren adierazpenaren zerbitzura daude. Ideia, pentsamendu eta kontzeptu guztiak libre dira erabat", antolatzaileen hitzetan.
XXI. edizioa
Aspaldiko egitasmoa da gainera. Euskal arte garaikidearen agertokian nahiko egonkor iraun du, 1983. urtean lehen edizioa egin zenetik. Bertan ikusi ahal izan dira, euren hastapenetan, gaur egungo arte zirkuituetan arrakasta handia duten bizkaitar artistetatik asko.
Ekimen honetan, arte plastiko eta bisualak jorratzen dituzten gazteei laguntzea eta sustatzea da apustua, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren jarduketa-eremuaren barruan sartzen da.
Guztira, Bizkaiko hamasei udalerritan egongo da "Ertibil Bizkaia 04", bakoitzean hamabost egunez geratuz. Erakusketa honen helburua da ahalik eta jende gehienak ikus ditzala artista gazteek eginiko margoak, eskultura, argazkiak eta, estreinako aldiz, bideoak.