Horreek irakurrita, itaun batzuk etorri ahal jakuz gogora: modu horretan ez ete gatxakoz herri mailako ikuspegiari bakarrik lotuko?; lurralde eta mundu mailako ikuspegiak ez geinkez galdu?; kulturaren egitura horrek ezelako eraginik euki ahal dau mundu mailan?...
Aitatu doguzan beste aukera horreek herri mailako aukerak dira, eta neure eritziz horreetan kokatzeak kaltea baino onura ekarriko deusku. Ikusi daigun:
- Lehenengo eta behin kultur eredu hori autogestionatua dela esan dogu, eta sistema politiko eta ekonomiko horren interesei mugak iminten deutseez. Goi mailatik datorkun kultur ereduak eregile ekonomiko handien interesei men egiteaz ganera, pentsamendu bakarra inposatzen deusku. Herri mailako autogestinoaren bidez, ostera, hainbat ikuspegi bultzatu ahal ditugu, kulturari aberastasun handia emon leikienak.
- Kulturaren goitik beherako antolaketan, zein lekutan lotzen da euskal kultura? Gure sistema politikoek euskal kultura onartzen ete dabe? Begiratu daiogun Euskal Herriko errealitate administratiboari, eta honako honetaz kontutatuko gara: Iparraldeko eta Nafarroako administrazinoetan euskal kultura eta bere inguruko eregileak ez dira ezta aitatu bere egiten, eta zerbait egitekotan trabak baino ez jakoz iminten; EAEn batzuetan borondatea eta berba politak ikusi geinkez baina egunerokoa guztiz bestelakoa da, euskal kultura aberastu ahal dabezan aukera horreei lagundu barik trabak iminten jakozala ikusten dogunean, eta hortik Madrid eta Pariseko eredu kopiatuak baino ez datozkuzela ikusten dogunean. Halandaxe, zer itxaron geinke gure administrazio politikoengandik?
- Euskal kultura egituratu behar dogu, eta argi dago behetik gorako antolaketaren bitartez baino ezingo dana egin, goitik datozkuzan ereduetan horretarako interesik ez dagoalako. Hortxe ditugu besteak beste Euskal Herri mailako kurrikulua eta Euskal Herriko liburutegi nazionala antolatu beharra, Euskal Herri mailako musika, literatura, antzerkia... azaleratu beharra... Hori egiteko ardura inork hartuko badau herriak hartuko dau, hortxe dagoalako benetako interesa ekimen horreek aurrera eroateko.
- Herri mailako eregile horreek alkarregaz egituratuz, Euskal Herri mailako korpusa sortu ahal dogu, eta mundu mailan nor izateko aukera euki geinke. Munduan badagoz gurea lako beste aukera alternatibo eta herri txiki batzuk, eta horren alkarren ezagutza eukiz gure ikuspegia aberastu ahal dogu.
Oraingoz onura horreek izan daikeguzala bururatu jat, eta horri eutsi beharko deutsagu hanburgesa eta koka kola bultzatzen dituen ereduen txotxongiloak izan gura ez badogu, eta eredu global barri horretan munduaren aurrean inor izan gura badogu.
Horreek dira neure esatekoak, eta eskertuko neuke aldizkari honetan horren inguruko debatea zabalduko balitz. Behar bada baten batek nik baino ideia hobeak euki ahal ditu.