San Nikolasen kanpatuta zeuden gazteak bota dituzte Zarraoaren aginduz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 13a, 19:54

Orain 13 egun, Algortako Okupazioaren Aldeko Mugimenduak San Nikolas plazan hasi zuen kanpaldia etenarazi dute goizean goiz Getxoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Gazteek jakinarazi dutenez, 7:30ak aldera agertu dira polizia agenteak enparantzan. "6 furgoneta (3 brigada mugikor) agertu dira kanpaldia desalojatzera, gure herriko enparantzatik botatzera!", salatu dute. Bertan, zazpi lagun zeuden lotan eta dena jasotzeko esan diete, agindua zeukatela-eta. Gainera, AOAMko kideek kritikatu dutenez, "traste guztiak hartu eta alde egiteko mehatxua" egin diete udaltzain eta ertzainek, bestela, "eurek botako zituztela denak esanda". Plazatik botatzeko agindua Iñaki Zarraoa alkateak emandakoa zela esan omen die gazteei udaltzainetako batek. Egoera honen aurrean, 19:00etarako batzarra egingo dute, gazte guztiei inguratzeko deia eginez, eta bihar 20:00etan mobilizazioa izango da Algortan.

Goizetik ertzainez inguratuta egon da San Nikolas enparantza, gazteek azaldu dutenez, "gerturatzen zen orori ezin zela pasatu esanez". Udaltzaingoetako batekin hitzegin eta antza, bertatik kanporatuak izateko "agindu bakarra Iñaki Zarraoa alkateak emandakoa zela eta horrekin aski omen zela" adierazi die polizia agenteak. Hori dela eta, segituan udaletxera deitzea erabaki dute.

"Akanpaturik egon garen bitartean, alkatearekin hitzordua eskatu dugu behin eta berriro; azkena atzo bertan: erantzunik jasotzen ez genuela udaletxera joan behar izan ginen alkatearen bila", jakinarazi dute AOAMko kideek. Hala ere, "beste behin ere erantzunik gabe" itzuli ziren atzo.

Are gehiago, euren eskaerei egindako erantzunatzat jo dituzte gaurko gertaerak. "Badirudi gaur arte itxaron behar genuela erantzuna jasotzeko, ta hau izan da: indarrez gure herriko kaleetatik bota gaituzte, inolako azalpenik gabe. Gaurkoan ere, herriko alkateagatik galdetuta, bilera oso garrantzitsu batean omen zegoen eta haren bila joan garenean, antza udaletxean ere ez zegoela. Jatorra herriko alkatea, bere erantzunkizunei muzin egin eta gazteon eskaera eta aldarrikapenei entzungor, indar armatuak bidaltzen ditu bere lan zikinak egitera", kritikatu dute gazteek.

Hala ere, alkateak jai daukala azaldu dute: "okupazioaren eta autogestioaren bidean jarraituko dugu, aurrez-aurre izango gaitu, ez dugu amore emango".

Gaiaren inguruko berriak:

San Nikolas plazako kanpaldia eteteko eskatu du Getxoko PPk (2004 Uzt 06)

Algortako Gaztetxearen eraisketaren aurka agertu da Gazte Abertzaleak erakundea (2004 Uzt 06)

San Nikolasen mugagabe kanpatzea erabaki dute Algortako gazteek (2004 Uzt 02)

Atzo Urgull kaleko kultur etxea okupatu eta gaur bota dituzte Algortako gazteak (2004 Uzt 01)

Algortako Gaztetxea bota dute. Manifestazioa 20:00etan Gaztetxetik (2004 Eka 30)

Aixerrotan gaztetxea egiteko etxea okupatu izana salatu du Getxoko PPk (2004 Eka 29)

Getxon aste batean bi okupazio: Erromoko Gaztetxea eta Algortako Gaztetxea (2004 Eka 28)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun