Hain zuzen ere, "Itzubaltzeta Gaztetxea euren adineko auzotarrentzat ez ezik, bizilagun guztientzat ere elkargunea" izatea nahi dute Erromoko gazteek. Bertan, inguruko bizilagunek eskatutakoaren araberako ekintza kulturalak egingo dituztela iragarri dute. Besteak beste, mahainguruak antolatu nahi dituzte proposatzen diren gaien inguruan. Eta auzoko jaietarako (abuztuaren lehenengo astea) taberna jartzea eta zenbait kontzertu ematea espero dute.
Gainera, ordutegiei, musikaren bolumenari zein eragozpenak sortu ditzakeen beste edozeren inguruan, "inguru horretako bizilagunen ohiturak errespetzeko" asmoa agertu dute gazteek. Ildo berean, "auzotarren kexak eta iradokizunak entzuteko prest" daude. Izan ere, "Kultur Etxeak antolatutakoen ikusleak baino ez izan beharrean, ekintzen antolaketan parte hartze zuzena ahalbidetzeko elkargunea" sortu nahi dute.
Eraitsia izateko arriskua
Erromoko Santa Eugenia kaleko 12. zenbakiko etxea Bizkaiko Foru Aldundiari eman zion Getxoko Udalak, bertan adimen-urrituentzako eguneko zentroa egiteko. Hain zuzen ere, ekainaren 19an gazteek etxea hartu zutenetik, behin baino gehiagotan izan dituzte udaltzainak atean, bertatik joan behar direla esanez.
Getxoko Udalak emanda ditu jada etxea botatzeko pausuak. Uztailaren 5ean, etxea uzteko aginduaren berri eman zitzaien gazteei, Jose Souto Udaltzaingoko nagusiak haunbat komunikabideri egindako adierazpenen arabera. Ordutik hamar egunera bertatik irteten ez baziren, epailearen agindua eskatuko zuela gaineratu zuen Soutok.