"Besteak beste, udalbatzetatik eta ekitaldi instituzionaletatik bota gaitu, legez kanpo dagoen Batasunari kontraplenoa egiten utzi dio, oposizioa eta terrorismoaren biktimak mespretxatzen ditu, ez da gai udalerrian ETAk eragindako biktimei omenaldirik egiteko eta Getxon etakide baten izena duen enparantza egoten uzten du", salatu du Getxoko PPko bozeramaleak.
Arrueren ustez, "argi dago mundu erradikaletik hurbil dagoela, terrorismoagatik kartzelan egondakoak kontratatu, etakideen familiak diruz lagundu eta hilabetero eurei hitza ematen dielako osoko bilkuretan". Are gehiago, "udaletxean ETA ez egoteagatik demakratak zoriontxu" dauden bitartean, "bere lagun erradikalak alboan ez izateagatik triste eta zoritxarrekoa" sentitzen dela Zarraoa adierazi du zinegotzi popularrak.
153 ekimen
Getxoko PPko ordezkariak gogoratu duenez, 153 ekimen aurkeztu dituzte azken urtean popularrek: 71 zuzenketa aurrekontuei, 46 tasa eta zergei, 22 Gobernu Batzordeak egindako proposamenei eta beste 22 mozio. Horien artean, eguneko zentroa sortzea, lur azpiko aparkaleku gehiago egotea, hiri-autobusak, Ereagan trafiko arazoak konpontzea edota zaramontziak lurperatzea eskatzen zutenak nabarmendu ditu Arruek. Aipatu duenez, "horietako bat bera ere ez da onartua izan. Gainera, behin baino gehiagotan salatu dugu zergak neurririk gabe gora egiten ari direla. Horretaz gain, guri dirulaguntzak kendu eta soldata jaitsi eta eurena ehuneko 12 igo dute".
"Iruzurra"
Beste alde batetik, "iruzurra egitea" leporatu dio Zarraoari Arruek, hautes-kanpainan egindako hainbat promes ez betetzeagatik. Getxoko PPko bozeramaleak azaldu duenez, "eguneko zentroa eta babes ofizialeko etxeak egingo zituela adierazi zuen, baita Getxon lurzorua merketzeko HAPOren zatikako planak egingo zituela ere. Hala ere, alkatea izan den bost urtetan, ez du etxebizitza bat bera ere eman".
Azkenik, "hainbatetan Ezker Batuak aipatu duen demokrazia parte hartzailea" ez dela udalerrian igarri adierazi du zinegotzi popularrak. "Bizi kalitateari eta zerbitzuei dagokienez, puntako herria zen Getxo. Gaur egun, ordea, gidaritza gabeko erdi-purdiko udalerria bilakatzen ari da", esanez amaitu du Arruek.