Ikerketaren emaitzak begiratuta esan daiteke, sopeloztarren %88ek pentsatzen dutela Sopelan oso ondo bizi dela, nahiz eta bestelako arazoak egon: langabezia, herrian segurtasun gutxi, etxebizitzen prezio altuak...
Gainera, auzokideek berdeguneak, hau da, parke eta lorategiak egokiak jotzen dituzte, baita kaleetako garbiketa eta zarama bilketa ere.
Kultura eta kirolak, berriz, oso ondo baloratu dituzte sopeloztarrek, eta interes handia dagoela somatu daiteke, %45ek Sopelako Udalak antolatutako ekintzaren batean parte hartu dutelako. Gainera, horien informazioa bilatzeko, Sopelana gurea aldizkarira, www.sopelana.com web orrialdera edota egunkarietara jotzen dute. Beste alde batetik, %66ek ontzat ematen dituzte kirol lekuak, nahikoak direla pentsatzen duten %41en, eta txarrak direla dioten %33en aurrean.
Etxebizitzan, garraiobideetan eta hezkuntzan kritikak
Ez da gauza bera gertatzen etxebizitza arloan. Honetan, prezio altuak eta eraikuntza gehiegi egitea kritikatzen dute herritarrek.
Garraiobideei emandako balorazioak ere negatiboak izan dira, %72ek pentsatzen baitute trafiko handiegia dagoela eta aparkatzea gero eta zailagoa dela.
Hezkuntzari dagokionez, hutsuneak nabarmentzen dira. Esaterako, 2 urteko umeentzako gelak falta dira. Dena dela, %33ek baino ez dute pentsatzen eskaintza eskasa dela.
Azkenik, sopeloztarrek bestelako hutsuneak ere ikusten dituzte: gazteentzako lokalak, aparkaleku falta, babes ofizialeko etxebizitza gehiago...
500 inkesta
Ikerketa honek bi atal ditu: kuantitatiboa eta kualitatiboa. Horretarako Sopelan bizi diren pertsonek parte hartu dute. Lehenengo zatia, hau da, kuantitatiboa, apirilean burutu zen; eta bigarrena, apirilaren 25etik maiatzaren 27ra, 18-65 urte bitarteko jendearen artean. Orotara, 500 ikesta egin dira.
Informazio gehiago:
http://www.sopelana.net/Dokumentuak\Udalbatzak\040712 AYTO SOPELANAIKERFEL.pdf (Erderaz baino ez dago)