Gutun irekia Iñaki Zarraoa Getxoko alkateari - Iñigo Fernandez de Martikorena / EHEko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 14a, 21:47
Getxoko udaleko Gobernu Batzarrak jaietarako propio arau batzuk onartu ditu. Alde batetik, eta beti Getxoko udaleko webguneak 2004ko abuztuaren (sic) 7ko berrian erabilitako hitzetan, “jaietako batzordeek eta txosnen elkarte arduradunek ezin izango dute beren jarduerarekin harreman zuzena ez duten mezurik jarri”. Beste aldetik, “batzordeek bandoetan, pregoietan, eskenatokietatik egiten diren agerraldietan, megafoniaren bitartez eta abarretan ezin izango dute kolektibo eta herritar zehatzen sentsibilitatea eta jai giroa kalte ditzaketen adierazpenik egin”. “Jaietan herritarren arteko elkarbizitza izatera lagundu nahi” omen du Gobernu Batzarrak aipatutako neurriekin.
Baina bi agindu horiek benetan zer esan nahi dute? Irudika ditzagun adibideak jartzen. Demagun Itzubaltzetako (Euskaltzaindiak onartutako eta EAJk baztertutako Romo baino lehenagoko euskal toponimoa) jaietan Arenas Futbol Clubek dantza saio baterako kartelak jarriko dituela txosnan. Aipatutako lehenengo araua aplikatuz gero ez dakit zer zigor administratiboa jasoko zuten. Gauza bera izango litzateke Zasi Eskola dantza taldeak futbol partidu baten kartelak, Peruko umezurtzen aldeko pankarta edo Reiki osasun-terapiaren pegatinak jarriko balitu txosnan (enparauetan jarriz gero berdin aplikatzen da debekua?). Oso serio ez du ematen, ezta?

Bigarren kasua kafkiarragoa izan daiteke: jai batzordeak (ez omen dago arazorik besteren batek eginez gero) bere txosnako txorizo eta solomoko bokaten propaganda eginez gero ez ditu abere eta animalizale barazkijale eta veganoen sentsibilitatea kaltetuko? “Berria” aipatuz gero, ez du norbaitek “Egunkaria”ren ondorengoa terroristatzat joko eta hortaz ez du bere buruaren sentsibilitatea minduta ikusiko? Itzubaltzeta Gaztetxean burutuko diren ekintzen informazioa ematekotan eta horietan parte hartzeko deialdia eginez gero ez dira asaldatuko Arrue eta beste higiezinen agentziakoak? Kondoiak eskaintzekotan ez da bortizki erasotua sentituko edozein elizkume vatikanista eta opusianoa? Algortako Gazte Asanbladakoek jasotako oztopo guztiak aipatzekotan ez da urrituko gaztetxeak botatzera zuk bidalitako beltzen (Senegalgoak ez, ertzainak) eta udaltzainen sentsibilitate handia? Era berean, euskararentzat benetako ofizialtasuna eskatzen duen kalejira baten berri emateak ez ditu minduko pribilegioak galdu nahi ez dituzten erdaldun peto-petoak? Kasu horietan zigorrik egongo litzateke?

Eufemismorik gabe, askoz hobe

Zintzoak izan gaitezen! Aipatutako neurriek “jaietan herritarren arteko elkarbizitza izatera” laguntzeko asmoa badute, orduan Fragaren Prentsaren Legea adierazpen askatasuna defendatzeko idatzi zen! Benetan, aginduek Alderdien Legeak bezain murriztuta daukate aplikazio eremua. Kasu honetan, udalerriko Gobernu Batzarrak Euskal Preso Politikoen Kolektiboari eta orokorrean euskal preso guztiei buruzko mezuak ekidin nahi ditu. Zentsuratu nahi ditu.

Ziur nago idatzi dituzuen zentzugabekeria horiek ez zaizkizula ahalegin handirik kostatu, zentsuran aritzen trebatuta baitzaude: 40.000 pertsona batu zituen Senideaken manifestaldi bat ETBn desagertarazi zenuen; teleberriek izkutatzen zutena (eta dutena) telebistan kontatzeagatik Unai Iturriagak eta Igor Elortzak aurrera eramaten zuten sketch-a zuzenean mozteko agindu zenuen; ETBko informazioaren nondik norakoak kritikatzera zurekin biltzera joan ziren Senideak-eko atso eta agureak botatzeko ertzainak deitu zenituen; “Egunkaria” sortzeko ekimena hasi zenean, Kultura Sailatik EAEko euskaldun guztiei gezurra esan zenien; orain dela 3 urte baino gehiago Cespa garbiketa enpresari astelehenetik larunbatera kartel, pankartak, grafitiak eta margozketak grisez estaltzeko milioidun kontratua (“gris koloreko gizona” ezizena balio izan zaizuna) eman zenion; Cespak aurrera eramandako zure garbiketa ideologikoa Gabonetako eta Aste Santuko jaietara zein igandeetara zabaldu zenuen; Cesparen dekretazoa eta gero Adierazpen Askatasunaren Aldeko Batzordeko ordezkaria nintzela, kartelak eta informazioa jartzeko lekua zelan egin Gobernu Batzordean ikertzen ari zinetela agindu zenidan, agian panel batzuen bitartez edo bestela, sistema digitalaren baten bitartez (noski, oraindik panelen zain gaude); eta azkenik, gaia ez luzatzeko, esku batekin jada ezin dut zenbatu zenbat gaztetxe bota dituzun.

Baina borreroaren profila ez da garrantzitsuena. Kontua da zentsuraren aurrean zer jarrera hartu. Nik neuk agindu ergel eta bidegabeak bete behar ez direlakoan nago, hori baita desobedientzia zibilaren funtsa. Hortaz, “jaietan herritarren arteko elkarbizitza izatera” laguntzeko zeuk erabaki: zure zentsura aginduak bertan behera laga ala errepresioa erabili (Cespa, udaltzainak, ertzainak, zigor administratibo, judizialak, eta abar). Zuk zeuk aukeratu.

Postdata

Aurreko artikuluan, Loyola de Palacio EAEko PPko presidentea izango zela adierazi nuen. Argi dagoenez, ez nuen asmatu. Antza, Iñigo Sotak horrela kontatzen du Izaronews-en, Maria San Gilen izendapena Jaime Mayor Orejari egindako oparia izan zen, honek Europar Batasunerako hauteskundeetan jasotako emaitza saritzeko. Mayor Orejak eta San Gilek Iturgaizekin eta Leopoldo Barredarekin afaltzen zutela, Jaimek sakeleko telefonoa atera eta Acebesi zein Rajoyri deitu zien, Maria San Gilen izena proposatzeko. Madrildik atoan onartu omen zioten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun