Aipatutako artikuluak dio salmenta merkataritza establezimenduetan egin behar dela, salbuespenak salbuespen, baina horien artean ez dago ibilgailuen salmentarena. Beraz, merkataritza-jarduera dela ulertuko du Udalak honako baldintza hauek ematen direnean: ibilgailuak toki berean edo inguruetan epe luzean aparkatuta daudenean, saltzeko txartelak dituztenean eta saltzailearekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia edo beste modu bat agerian dagoenean. Baita aparkatuta dagoen kalea saltzailearen erroldako edo lanpostuko helbidearekin bat ez datorrenean eta ibilgailua, antzeko ezaugarriekin, aurretik Getxo udalerriko beste alde batean aparkatuta egon denean ere. Gaur egun, udalerrian 55 bat ibilgailu izan daitezkeela egoera horretan susmatzen du Udalak.
Hala ere, ez dute autoa eramango garabiak hartzera doan unean jabea bertan izan eta, udaltzainek eskatuta, mugitzea onartzen baldin badu.
"Gutxi batzuen erabilerarako, aparkatzeko toki publikoak blokeatzen dituen baimenik gabeko jarduera dela ulertuta hartu ditu aipatutako neurriak Getxoko Udalak. Batez ere, Arriluzeko ibilbidean, Erromoko Gobelaurre kalean, Bidezabalen eta Makaletako etorbidean gertatzen da. Gainera, denbora gutxirako aparkatzeko tokia bilatzen dutenentzako kalte nabarmena da, gainontzeko gidarientzako hiri-lurraren erabilera zuzena bermatu ezin delarik", Imanol Landa Presidentzia arloko zinegotziak azaldutakoaren arabera.