Bertan dagoen baserrian Ingurumen Aretoa jarriko dute. Horren barruan Ekomuseoa (natura ezagutzeko gunea), gune botanikoa, komunak eta taberna ipintzeko asmoa dago. Bereziki ikasleei zuzenduta egongo da, baita gainontzeko herritarrei ere. "Animaliak sendatzeko zentroa ere ipintzea aztertzen ari dira, baina nolakoa izango litzatekeen ondo aztertu beharko da. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko badu bat eta horren antzekoa ipintzeak ez luke zentzurik izango", zehaztu du Zarraoak.
Ingurumen Aretoko ingurunea urbanizatzea izango da beste ekintzetako bat, hain zuzen ere, basoa eta lorak ez ezik ondoan dauden lurrak ere berreskuratzeko, alkateak azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzaren arabera, horietako batzuk kutsatuta egon daitezkeelako. "Momentuz susmoak baino ez dira, baina azkenean kutsatuta daudela egiaztatzen bada, lur horiek garbitu egingo ditugu" argitu du Zarraoak. Inguruneaz disfrutatu ahal izateko bideak ere sortu nahi dituzte.
"Transfer" instalazioa eta Garbigunea
Zabortegiaren beheko aldean "Transfer" instalazioa eta Garbitokia jarriko dituzte. Lehenengoak zarama txikituko du bere kokapen berrira eraman baino lehen, toki hori oraindik zehaztuta egon ez arren. Garraioa merketzeko ahalik eta kamioi kopururik txikiena erabiltzea dago helburuen artean. Getxoko Udalak izango du Garbitokiaren ardura eta eguneko 24 ordutan egongo da irekita.
Hiru urtetan aurrera eraman beharreko proiektu honen aurrekontua 3.518.144 eurokoa da eta Europar Batasunak %80a diruz laguntzen du. 2003 urtean prestatzeko lan batzuk burutu zituzten, aurten lan gehienak eramango dituzte aurrera eta 2005ean amaitzea aurreikusten dute.
Aldi berean, zabortegia izten denerako hondakinak uzteko tokia erabakitzeko baldintzen lehiaketa prestatzen ari da Udala.