Hala ere, onartu beharrean nago diru gehien daukan munduaren aldea ez dela bereziki zoriontsua, pentsa litekeenaren kontra. Mendebaldeko gizartea esaten zaion honetan (zergatik mendebaldeko? Mundua biribila uste nuen), depresioa eta antsietatea dira gaitzik hedatuenetakoak. Lasaigarriak saltzen dituzten enpresak zoriontasuna bermatzen ez duen diruaz betetzen dituzte poltsikoak. Denetik dugu, baina ez du ematen nahikoa denik. Ez gara gose, autoak binaka erosten ditugu, komuna daukagu, eta komun barruan etxeko bakoitzarentzako eskuohial bana, eta pare bat garagardo hartzeko zeozer geratzen zaigu gainera.
Zergatik daukagu depresioa, zergatik antsietatea? Goseak akabatzen dituenengan, orain mende batetik senda daitezkeen gaixotasunek jota hiltzen direnengan, beren buruak gordetzeko etxerik ez daukatenengan (hipotekariekin ala hipotekarik gabe)
ulertzekoa litzakete, baina gugan? Nonork daki zergatik diruak ez gaituen zoriontsu egiten? Nik ez, baina uste dut Groutxo Groutxo izan bazen- ez zebilela guztiz oker: beharbada, barruko ahots batek diosku munduaren beste aldekoei lapurtzen dizkiegun ondasun guztiak ez direla nahikoa dirua baino garrantzitsuagoak diren gauza gutxi horiek erosteko. Norberak erabaki deala zeintzuk gauza diren.
Diruari buruzko esaldi topiko bat baino gehiago dago. Ezagunena, zalantza barik, hau da: diruak ez du zoriontasunik ematen. Ni neuk, berriz, nahiago dut beste hau: dirua baino gauza garrantzitsuagoak daude, baina hain dira garestiak! Uste dut Groutxo Marxek esan zuela, baina ez egin kasu handirik. Berdin dio. Diruak ez ei du zoriontasunik ematen. Diruak ez du zoriontasunik bermatzen, nabarituko nuke nik. Honetan guztian, gauza bakarra dago argi: kopuru jakin batetik behera, diru faltak zorigaitza ematen du ziurtasun osoz. Eztabaida honetan, diruak zoriontasunik ematen ez duela defendatzen dutenek osasuna ipintzen dute beti adibide. Aberastasunak ez gaitu gaixotzetik babesten. Egia. Baina ukatu ezinezkoa da era berean, minbizi bat, esaterako, beti biziagoa dela pobrearengan poltsikoak ondo beteta dauzkanarengan baino.