Erandioko Udalak jakinarazi duenez, Javier Intxaurberekin batera, Trabudu Dantzari Taldea sortu zuen Mendik orain 27 urte, hainbat dantza taldetan aritu ostean, "bere esperientziaz eta lan-eskarmentuaz baliatuta".
Hain zuzen ere, apirilean omenaldi hunkigarria eskaini zioten Uribe Kostako eta Txorierriko hamabi dantza taldeek, Trabuduko sortzaileetako bat izan zenari. Udal arduradunen hitzetan, "eredugarria izan zen Mendiren jarduna, ez bakarrik Erandion (Astrabuduan zehazki); baizik eta euskal dantzen zaletuentzat zein Euskal Herriko ohituren eta kulturaren berreskurapenaren aldekoentzat ere".
Trabudu Dantzari Taldeak eta Astrabuduko beste hainbat gizarte, kirol eta kultur elkartek eskatutakoarekin bat eginez, San Lorentzo kalean eraikitako plaza berriari, Jose Andres Mendiguren "Mendi" izena jartzea onartu zuen atzo, aho batez, Erandioko udalbatzak. Hain zuzen ere, plaza horretan hil zen Mendi, 2002ko azaroan, Euskal Astea ospatzen ari zela.