Telebista digitalerako lizentzia eskuratu nahi du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 21a, 21:02

Urte bukaera baino lehen Eusko Jaurlaritzak emango dituen lurreko telebista digitalerako lizentzietako bat eskuratzeko, Bizkaiko beste hainbat udalerrirekin lehian ari da Getxo. Izan ere, Espainiako Gobernuak martxoan plazaratutako dekretuak teknologia mota horren tokian tokiko arauketa egiten du eta, horretarako, hamazortzi lurralde-mugaketa ezartzen ditu Euskal Herrian: horietatik bost Nafarroan, eta gainontzekoak EAEn. Hala ere, CyberEuskadi Interneteko informazio webguneak adierazi duenez, Getxo udalerria baino errazago omen dauka itsasadarraren bestaldean dagoen Portugalete, bizilagun gutxiago dituen Ezkerraldeko eremuaren barruan dagoelako. Eskuinaldekoan, ordea, Bilbo, Basauri, Galdakao edota Erandio daude Getxo udalerriarekin batera. Lurralde-mugaketa bakoitzak lurreko telebista digitaleko "kanal-balioanitza" izango du, lau lizentzia erabiltzeko aukera emango duena.

Laudio, Gasteiz, Beasain, Eibar, Arrasate, Donostia-Irun, Tolosa, Zarautz, Bermeo, Durango, Mungia, Lizarra, Iruñea, Zangotza, Tafalla eta Tutera dira Euskal Herriko beste lurralde-mugaketak.

CyberEuskadikoen hitzetan, analogikoarekin alderatuz, kalitatea litzateke telebista digitaleko abantailarik nabarmenena. Horretaz gain, hobeto aprobetxatzen du irrati-elektrizitate espektroa: kanal analogiko batek 5,5 Mhz-ko banda zabalera behar duen bitartean, 8 Mhz baino ez dituzte erabiltzen lau kanal digitalek. Telekomunikazioen Merkatuaren Batzordearen (CMT) arabera, operadore berriak agertzen lagunduko du teknologia berriak eta, bide batez, "komunibideetan ematen den debate publikoan ahots berriak sartzea ahalbidetuz, informazio-aniztasuna bermatuko du".

Desabantailak

Hala ere, alde txarrak ere baditu telebista digitalak. CyberEuskadik azaltzen duenez, telebista-sorta osoa berriztatu edota aparailu zaharrentzako dekodifikatzaile digitalak eskuratu behar izateak erabat atzeratzen ari da teknologia horren garapena. "Ikusleria gutxieneko kopurua" bermatzeko dauden zailtasunek ere zalantzan jartzen dute kanal horien errentagarritasuna, orain dela gutxi kaleratutako txostenean, CMTk onartzen duenez. Are gehiago, "estatu mailako telebista digitalekin gertatu den bezala, kale egin dezakete".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun