Nazioarteko Paellen Txapelketaren irabazleen artean Getxo udalerriko merkatariek emandako 80 garaikur banatuko dira. Itsas Argia elkarteko 40 kidek gogor egin dute lan uztailaren 25erako dena prest egoteko eta asmo horrekin ere, Getxo Udalak 6.000 euroko dirulaguntza eman du antolakuntzarako. Aurten XLIX. edizioa da eta datorren urterako, 2005erako, 50 urte beteko direnez ekitaldi bereziak prestatzeko asmoa dute antolatzaileek.
Aldez aurretik, 2005eko lehenengo seihilekorako hainbat ekitaldi antolatuko dituzte 50. urteurrenera begira eta gainera, datorren urteko uztailean asteburu osoa izango dute Santiago eguneko ekitaldi bereziak ospatzeko, astelehenean izango baita egun handia.
1956tik hona
Ohitura hau 1956ko uztailaren 25ean hasi zen, hiru lagunen eskutik: Damián Ayo, Antonio Bilbao eta Felix Yurrebaso, Irurena elkarteko kideak. Jaia Getxoko trenbidearen ondoan hasi zen, txistulari kalejira batekin. Kalejirako partaideak baserrietan gelditzen ziren, eta baserritarrek gailetak eta ardo gozoa ematen zizkieten, hamaiketako gisa. Lehendabiziko paella lehiaketa hori Rivaseko markesaren alargunaren pinudia inguratzen zuten hormetan egin zen. Hogei parte hartzaile baino gutxiago izan ziren, baina arrakastaren arrakastaz, eguna bukatu baino lehen hurrengo urtekoa antolatzen hasi ziren.
Laugarren urtean Itxas Argia elkarteak hartu zuen ardura, eta jaia Azkorri hondartzara doan bideko landetan egin zen, parte hartzaile gero eta gehiago zegoelako urterik urte. Landa horietan egin zen jaia beste hamar urtez (1958-1967).
Baina landetan aparkaleku bat eraiki zuten, eta Azkorri hondartzako sarbideak berriro egin eta egokitu zituzten; horregatik antolatzaileek beste toki bat aurkitu behar izan zuten. Jabetza pribatuko Aixerrotako lursail batzuk ematea izan zen irtenbidea. Eta harrez gero 30 urtez han egiten izan da lehiaketa.
Gaiaren inguruko albisteak:
Paellen egunerako hainbat neurri ezarri ditu Getxoko Udalak (2004 Uzt 20)