Haur eta gazteei zuzenduta, genero-indarkeriaren aurkako kanpaina abian jarri dute Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 24a, 23:06

Genero-indarkeriaren aurkako sentsibilizazio kanpaina abian jarri du Berangoko Udalak. Hain zuzen ere, "Ez, tratu txarrei ez!" leloa irakurri daitekeen logotipoa aurkeztu zuen asteazkenean Miren Dobaran alkatesak. Berak azaldu zuenez, herritarrei zuzendutako jarduera eta kanpaina guztietan erabiliko du logotipoa Udalak, erakundeak duen tratu txarren aurkako jarrera ezagutzera emateko asmoz. Alde horretatik, Berangoko hainbat kirol elkartek hartutako konpromisoaren berri eman zuen Dobaranek. Talde horiek emakumeek jasaten dituzten tratu txarren aurkako logotipoa txertatuko dute euren kamisetetan. Gainera, herriko gainontzeko elkarteek ere kanpainari atxikitzeko asmoa adierazi dute.

Bereziki, haurrei eta 14 urte baino gutxiagoko gazteei zuzenduta dago kanpaina. Dobaranek azaldu duenez, adin horretara arte, teknikari espezializatuak prestatutako metodologia badago, generoen arteko eraso-jarrerak identifikatzen lagunduko duena. Jokoen bidez, generoei loturiko estereotipoak ezagutzen eta neska eta mutilen arteko harremanak ahalbidetzen erakutsiko diete haur zein gazteei. "Oso garrantzitsua da gazteak hezitzen hastea", alkatesaren hitzetan, "eurek direlako etorkizuna eta egunetik egunera gero eta ohizkoagoak diren gertaera hauen aurkako jarrera hartu behar dutelako".

Horrela, Berango Txirrindulari Taldea izango da lehena "Ez, tratu txarrei ez!" irakur daitekeen kamiseta janzten, parte hartzen duten txapelketa guztietan erabiliko dute. Urrian, berriz, Berango eta Karabigane futbol taldeei helduko zaie txanda. Eta azkenik, Torrekolanda Herri Kirol Taldeari eta Berango Atletismo Taldeari. Kirol taldeez aparte, kultur etxeetara doazen haur eta gazteei ere aurkeztuko diete kanpaina eta dagoeneko 200 bazkide dituen Gaxt Klubean ere bai. Dobaranek azaldu duenez, "ikastetxeekin ere lan egiten dugun arren, ume berangoztar gehienek herritik kanpo ikasten dute. Hain zuzen ere, horregatik erabaki dugu kirol taldeekin lan egitea"
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun