Horrela, bi urteko epean, uretako mahukatxo parea, alkatearen eskutitza eta euskararen erabilerari buruzko aholkuak jasoko dituzte etxean urte bateko eta bi urteko haurrak dituzten 2.000 bat famili getxoztarrek. Euskara ez dakiten gurasoei haurrak bideoen, ipuinen eta jolasen bitartez motibatzea gomendatuko zaie, umeak eredu euskaldunetan matrikulatzeaz eta aita-amak ere euskara ikasten hasteaz gain. Gurasoetako batek euskaraz hitz egiten dakienean, haurrarekin erabiltzea oso garrantzitsua dela gogoratuko zaio eta azkenik, guraso euskaldunei euren artean euskaraz egitea oso garrantzitsua dela azpimarratuko diete, haurrentzako eredugarria izan dadin.
Getxoztarren %11,3k du euskara ama-hizkuntza
"Euskaraz blai" kanpaina Udal Euskara Sailak bultzatutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) beste urrats bat da. Zentzu honetan, haur jaioberriak dituzten gurasoei karpetatxo bat bidaltzen die Udalak hilero, "emaiozu euskara" kanpainaren barruan. Bertan adur zapi bat, sehaska kanten CDa eta aholkuak agertzen dira. Ikasturtean zehar eta ikastetxeetako guraso elkarteekin batera, "euskaraz jolasten" ikastaroak egiten dira eta gainera Udalak euskara ikasteko dirulaguntzak ematen ditu.
Gaur egun auzokide getxoztarren %11,3k du euskara ama-hizkuntza. Horietatik gehienak haurrak eta gazteak dira, orain arte zegoen joera aldatuz, aurretik, gehien bat, adinekok baitziren. 2 eta 4 urte arteko haurren %21,77k dute euskara ama-hizkuntza eta 5 eta 9 urte arteko haurren %18,13k.