Ez da asmakuntza berririk, baina azken aldian entzutetsu ari dira zabaltzen ikerketa-batzordeak, mundu osoan zehar gainera. Badirudi era arrakastatsua dela demokrazien purutasuna, eraginkortasuna eta fidagarritasunaren bermea erakusteko. Gizartearen inozotasuna ordea, benetan dena baino askoz sakonagoa dela uste behar dute politikoek. Ikerketa baten helburua, Sherlock Holmes izateko asmorik gabe, ondorio jakin batzuetara heltzea izan beharko litzateke. Are gehiago, ondorio horien arabera, ikertua izan den objektuarekiko ardurak edota erruak zehaztu beharko lirateke. Hara non, eta ondorengo ikerketa-batzorde zerrendetatik (Irailak 11ko atentatuak AEBetan, Martxoak 11ko atentatuak Espainian eta Irakeko Gerra Erresuma Batuan zein Estatu Batuetan) bakar batean ere ez dela agintari politikoren erantzukizunik agertu. Ondoriorik lazgarrienek, kudeaketan edo prozeduretan akats edo okerren bat egon izana salatzen dute, baina errua inori leporatu gabe.