Saltzekoak ziren 18 auto kendu ditu kaleetatik Getxoko Udaltzaingoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 26a, 23:30

Ibilgailuen salmentarako egiten den kaleen gehiegizko erabilera ekiditeko, Getxoko Udalak indarrean jarritako neurriak "eraginkorrak" dira, Imanol Landa Presidentzia zinegotziak azaldu duenez. Berak esandakoaren arabera, Udaltzaingoa autoak kaletik kentzen hasi ez ezik, disuasio-ondorioak ere eragin dituzte neurriek, saltzaileek autoak denbora luzean izan diren tokietatik kentzea erabaki dutelako. "Balantzea guztiz baikorra da, neurri hauei esker, arazoa udalerriko toki batzuetan desagertu dela uste baitu Udalak", zehaztu du Landak. Beste leku batzuetan neurriak ezartzen jarraituko dute eta aurrerantzean gertatzen denari begira egongo dira.

Getxoko Udala duela hamar egun hasi zen salmentarako kalean aparkatuta zeuden autoak eramaten udalerriko zonalde batzuetatik, Arriluzeko paseabidetik edo Bidezabal, Gobelaurre eta Makaletako etorbidetik, hain zuzen ere, 1994ko maiatzaren 27ko EAEko Merktaritza-Jardueraren Legea urratzen delakoan. "Auto hauek kalteak eragiten zizkieten beren autoa aldi baterako aparkatu nahi zuten pertsonei", Landak adierazi duenez.

Guztira, Arriluzeko paseabidetik eta Erromoko Gobelaurre kalean Getxoko Udaltzaingoak burututako bi ekintzen ondorioz, 18 auto eraman dituzte kaletik. Une horretan bertan, zazpi lagunek euren autoak eraman zituzten, horietatik lau Galdakaoko entrepresa batekoak ziren. Aurretik ikerketa bat egin zuten udaltzainek, saltzeko txartela izanik, ibilgailuak epe luzez inguru berean aparkatuta egon ziren ala ez egiaztatzeko, eta kale hori saltzailearen erroldako edo bere lanpostuaren helbidearekin bat zetorren jakiteko.

1.502 euroko izuna

Herritarrentzako Segurtasun saileko udal gordailura eraman zituzten ibilgailuak, eta horietatik bederatzi oraindik daude bertan. Gainontzekoak euren jabeek eraman zituzten, autoaren agiriak behar den moduan zituztela egiaztatu ondoren eta ezer ordaindu behar izan gabe. Baina une horretan espediente berreslea zabaldu zitzaien EAEko Merkataritza-Jardueraren legea ez errespetatzeagatik. 1.502 euroko isuna jarri diezaiekete.

Presidentzia arloko zinegotziak iragarri duenez, Getxoko Udalak merkataritza-salmentarako daudela egiaztatzen duenean, ibilgailuak kaletik eramaten segituko du. Era berean, auzokideei berriro gogoratu nahi izan die, autoa saldu nahi badute, neurri hauek ez direla herritarren kontrakoak izango.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun