Beloki San Inazio eguneko zirkuitoan lehiatuko da lehen aldiz Saunier Duval taldearekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko uzt. 27a, 23:10

Getxoko Zirkuitoaren 59. edizioa - Ricardo Otxoa IV. Memoriala izango da San Inazio egunean (uztailak 31), eta Joseba Beloki txirrindulari gipuzkoarraren itzulera izango da albiste nagusiena, Saunier Duval talde berriarekin egingo duen lehen agerraldia izango baita. Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak beste behin antolatu du lasterketa, nahiz eta arazo ekonomiko larriak izan dituen. Izan ere, ebazpen judizial baten ondorioz, elkarteak 39.000 euro ordaindu behar izan zituen, duela lau urte Urdulizko zaletuen lasterketan batean izandako istripu baten erantzuletzat jo baitzuten. Horrela, larunbat honetan, 9:00etan hasita, 12 taldek osaturiko pelotoiak zirkuitoaren 185,35 kilometroak egin beharko ditu (11 itzuli zirkuitora), Arriluze Kaian izango den helmugara heldu arte, 13:30ak aldera.

Partaidetza luxuzkoa izango da beste behin ere. Pelotoia hurrengo taldeek osatuko dute: Relax-Bodysol; Saunier Duval; Cafés Baqué; Costa de Almería-Paternina; Comunidad Valenciana-Kelme; Euskaltel-Euskadi; Liberty Seguros; Ilels Balears-Banesto; Mr Bookmaker.com; Chocolade Jacques; Team L.P.R.-Piacenza; eta Acqua & Sapone.

Zalantzarik gabe, aurtengo edizioko albiste nagusia Joseba Beloki lazkaoarraren partaidetza izango da, Punta Galea Elkarteak berak aitortu duen bezala. "Kilometrorik gabe dagoen arren, oso garrantzitsua da Getxoko Zirkuitoarentzat Joseba bezalako txirrindulari bat izatea", adierazi dute.

2001. urtean, Getxoko Zirkuitoak "Ricardo Otxoa Memoriala" izena ere hartu zuen, bere anai Javierrekin Malagan entrenatzen ari zela auto batek harrapatuta hil zen txirrindulari bizkaitarraren omenez. Izan ere, Otxoa anaiak Punta Galea Txirrindularitza Elkarteko kideak izan ziren lehen urteetan.

Getxoko lasterketaren irabazleen zerrendan izen handi ugari aurki daitezke, hala nola Federico Ezquerra, Julian Barrendero, Jesus Loroño, Fausto Iza, Marino Lejarreta, Fede Etxabe, John Talen, Mateo Hermans, Marcel Wust edo Jesper Skibby.

Aurtengo ediziorako, zirkuitoak 70.000 euroko aurrekontua dauka, hiru ataletan banatuko dena: sariak, taldeen kopuru finkoak eta antolakuntzaren gastuak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun