Endikak berak kontatu duenez, zigortu eta isolamendura sartzean biluztu nahi izaten dituzte (legeak dio presoaren intimitatea errespetatu behar dela eta ezin dela beste barik biluztarazi, eta horretarako motibo zehatzak daudenean bata bat eman behar zaiola presoari intimitatea bermatzeko). Horren aurrean, bata opakua eskatzen dute euskal preso politikoek kaltzontziloak kentzeko agintzen dietenean, normalean bata garden berdea (kirofanoetakoa bezalakoa) ematen baitiete horretarako, eta horrekin ez dago euren intimitatea babesterik. Funtzionarioek, ordea, indarrez eta modu bortitzez kaltzontziloak kendu, biluztu ondoren detektorea (raketa) pasa eta buelta eman arazten diete. Hau guzti hau bortizki gertatzen da, holakoetara ukatu egiten direlako.
Horrezaz gain, 72. artikulua aplikatzen diete, eta horren ondorioz beste "falta" bat ezartzen diete, akusazio faltsuetan oinarrituta, biluztera ukatzen direnean jarrera guztiz pasiboa hartzen dutelako, aurka egin gabe. Funtzionarioek aginduak betetzeari aurka egiten diotela egozten diete eta "falta" horren ondorioz egun gehiago bakartuta pasa behar izaten dituzte. Jakina, biluztu behar izatekotan, presoek diote funtzionarioaren zeregina dela, eta arautegiaren arabera ere presoak ez duela zertan bere burua zigortu duintasunaren kontrako aginduak betetzen.
Isolamendu egoeran izarak eta garbitzeko tresnak besterik ez dizkiete uzten. Bertan daudenean ez daukate ez libururik, ez idazteko paperik edo boligraforik, ez tabakorik, ezta beste ezertxo ere. Oinetako lokarriak ere kendu egiten dizkiete.
Bestela ere, Aranjuezeko espetxean euskal preso politikoak moduloz aldatu dituzte eta Endika hirugarren aldiz eraman dute 5. modulora, nahiz eta lehenago bertatik atera zuten arazo psikologikoak izan zituelako. Dena dela, gaur bertan jakin dugu atzo atera zutela modulo horretatik, eta orain 7. moduloan dagoela, 5.ean baino hobeto.
Uztailaren 21ean Endika Aranjuezeko epaitegira eraman zuten 2002ko Ibilaldiko gertakarien gaineko deklarazioa hartzeko. Aurretik abisatu gabe eraman zuten eta ez zuen ezer deklaratu nahi izan bere abokatua aurrean ez zuelako. Dena dela, esan behar dugu ofiziozko abokatua ondo portatu zela, Endikaren etxera deitu zuen konfidantzazko abokatuaren telefonoa eskuratu eta haren egoeraren berri emateko. Agurtzean eskua ere luzatu zion.
Lagunen bisitak direla-eta, esan behar dugu ekainean Algortako lagun bi bisita egitera joan eta ez zietela pasatzen utzi 72. artikuluaren aplikazioa zela-eta. Aurreko bisitetan Endikak ez zuen arazorik izan isolamendutik ere bisitara joan ahal izateko baina asteburu horretan 72. artikulua aplikatu ziotela esan zieten. Kartzelariek esan zieten aldez aurretik konfirmatu behar zutela larunbat arratsaldean bisita egitea zeukatenik, justu artikulu hori goizean aplikatuko ziotela esan ziotenean. Beraz, bidaia alperrik egin behar izan zuten.
Gaurkoz amaitzeko esan behar dugu Endikak ikasketak egiten diharduela espetxean, eta aurten unibertsitateko sarbide azterketa gainditu duela. Ea datorren ikasturterako Euskal Unibertsitatean matrikulatu ahal den!
Oihu@
Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren agerkari elektronikoa
(2004 Uzt 23)
Harremanetan jartzeko edo harpidetza egiteko:
e-posta: oihua@barrutik.org