Jaien lehenengo egunari dagokionez, Txatunga Bembe taldearen kalejira eta Odd Heathenish, Sei Urte, EH Sukarra (Txiki Otaegin) eta karibeko doinuak jotzen dituen Ghetto Palante (Kasino) taldeen kontzertuak dira aipatzekoak. Hurrengo egunetan ere ez da egongo aspertzeko aukerarik. Besteak beste, Afrika algortarraren kontzertua, bertsolari saio apartak (baita bazkaria ere), herri kirolak, ume zein naguzientzako hainbat jarduera, kirol ekitaldi ugari... egongo baitira.
Bigantxak
Algortako Inaki Deunaren jai batzordeko kideek adierazi dutenez, aurten ere ez da bigantxarik egongo "burokrazioa, denbora eta akordio ezak" erabaki hori hartzera behartu baititu. Hala ere, zezen plaza jartzen zen Hirukoiztar Aiten elizako aparkalekuaz arduratzen den Argia Fundazioaren jarrera "hobera" (igaz jartzen zituzten baldintzak eta tokia erabili ahal izateko eskatzen zuten dirua "onartezinak" ziren jai batzordekoen hitzetan) egin duela azpimarratu nahi izan dute, eta datorren urtean bertan bigantxak egiteko itxaropentsu daude jai batzordekoak.
Halaber, Bilboko Konpartsek abian jarritako eta Euskal Herri osora zabaldu nahi den Jai eta herri kulturaren aldeko manifestuarekin bat egiten duela adierazi du Algortako Iñaki deunaren jai batzordeak. "Algortar guztiei eskatzen diegu horren alde egiteko. Eta hori adierazteko biderik onena jai batzordean parte hartzea eta bera babestea dela uste dugu" diote eurek.
Hona hemen Algortako Iñaki Deunaren jai batzordeak kaleratutako pregoia:
"Kaixo Algortarrok:
Urte gogorra igaro eta gero, uda eta jaiak ere hemen ditugu, zinez espero dugu gozatzeko momentuek aurreko guztiek ahazten laguntzea.
Hori dela eta, Algortako auzokide guztiok goiz, arratsalde eta gauez (gauez ez guk nahi beste) gozatzeko antolatu ditugun ekitaldiak aurkeztuko dizkizuegu.
Aurten ere ez da zezenik egongo, Argia Fundazioarekin berriro hitz egin badugu ere, burokrazia, denbora eta akordio ezak erabaki hau hartzera behartu baikaitu, hala ere, Argia Fundazioaren jarrera nabarmenki aldatu da, baina aurton, bederen, egitarauan zezenak sartzea ezinezkoa izan zaigu.
Jai Batzorde hau osatzen dugun lagunok zera adierazi nahi dizuegu: urtero-urtero jai batzordearen aurka betiko salaketak egingo dituzten betiko horiei ez zaiela inoiz honetarako aitzakiarik faltako, jai batzorde honek beti egingo baitu euskal kultura eta jai herrikoe eta partehartzaileen alde, eta hori baita min ematen diena.
Herriko hainbat kirol talde eta elkarterekin daukagun harreman eskasa edo harremanik eza ere azpimarratu nahi genuke, udaletxearen babesarekin ematen zaien txosna onartu eta jartzeko ez baitute antzeko jarrerarik agertzen, azken finean besteon lanaz baliatzen dira eurontzako dirua ateratzeko.
Era berean urruti dauzkagun Algortako auzokideak aurki gurekin egotea nahi genuke.
Beste barik, egun zoriontsuak igaro eta jai hauetan goza dezazuela.
ONDO PASA JAIETAN!
ERASO SEXISTARIK EZ!
JAIETAN ERE EUSKARAZ!"
Ikusi egitarau osoa agendan