Portu Zaharra 2004: Itsasoaren kutsuz beteriko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abu. 10a, 22:25

Bihar hasi eta igandera arte (abuztuak 15) luzatuko dira Algortako Portu Zaharreko jaiak. Besteak beste, 19:00etan Maria Cristinatik abiatuko den kuadrilen jaitsierarekin emango zaie hasiera eta ordu bete beranduago Lamorkitza taldeko gazteek, iazko irabazleek, irakurriko dute pregoia. Ordutik aurrera, festa giroa Portu Zaharreko txoko guztiak hartuko ditu. Gauen, berriz, erromeria herrikoia antolatu dute, 22:00etatik aurrera. Eta ordu horretan ere, zinea izango dute txikienek Pedro Bilbao plazan. Azkenik, 23:00etan, kontzertuak eskainiko dituzte herriko taldeek, Esanak Esan Kolektiboak antolatuta.

Abuztuaren 12an ugariak izango dira haurrentzako jarduerak, eurei eskainitako eguna izango baita. Hurrengo egunean, berriz, Portu Zaharreko hondartzatxoan urtero egiten diren eta horrenbeste ikusmin pizten duten ikuskizunetatik lehenengoa ospatuko dute 10:00etatik aurrera, sokamuturra alegia. Abuztuaren 14an izango da sokamuturraren bigarren saioa, 10:30ean, baita antzarrak ere, 16:00etan. Aipatzekoa da baita larunbatean Algortako Gazte Asanbladak eta Karrika konpartsak egingo duten akelarrea, gauerdian. Azkenik, igandeko pijana egunean, ohikoa den marmitako txapelketa antolatu dute. Egun horretan erreko dute gauerdian Txo panpina eta jaien amaierako traka.

Kontzertuak

Aurtengoan azken urteotan jartzen zuten diskoteka larunbatera bakarrik mugatu eta kontzertuak egongo dira gainontzeko egunetan txosnen alboko eszenatokian. Besteak beste, aurretik aipatu bezala, herriko taldeek eskainiak izango dira bihar, Esanak Esan kolektiboak antolatuta. Ostegunean, Sagarroi taldeak emango du kontzertua, Ekin eta Obrint Pas aurretik izango dituelarik. Ostiralean, Kamicace, Abra Cadaver, Altxamendu, Gura eta Oliba Gorriak taldeak igoko dira agertokira. Azkenik, igandean, Ene Badari helduko zaio txanda. Gainontzeko orduetan tabernek eta txosnek girotuko dute festa.

Erasoen kontrako eguna, ostiralean

Algortako Bilgune Feministak antolatuta, Erasoen Kontrako Eguna ospatuko dute abuztuaren 13an Portu Zaharreko Jaietan. Horrela, 14:00etan bertso bazkari herrikoia egingo dute txosnetan. Bertan egongo dira salgai bonoak, 5 euroren truke. 23:00etan, berriz, erasoen kontrako kalejira deitu dute txosna gunean. Jai guztietan zehar, erasoak salatu eta parekidetasuna bultzatuko dute.

Kartela

"Bizia" izenburupean, Nerea Benedicto algortarrak egindako lana izan da lehenengo postuan saritua aurtengo Portu Zaharreko jaietako kartel lehiaketan. Bertan, sardina-saltzailea ikus daiteke kalimotxo katxia eskuan duela. Hain zuzen ere, 350 euro eskuratu zituen neskak.

Uztailaren 16an egin zen sari banaketa, eta Cristina Dobaran algortarrak eskuratu zituen bigarren sariko 100 euroak, "Lau Sardina Bakalau" izeneko kartelarekin. Hirugarren saria, Erromoko Alex Orbek eta Nadiushkak ("Cucaña") eta Sopelako Javier Martinezek ("Jai hoberenak... Portu Zaharrekoak") eskuratu zuten, 50 euro bana. Aipatu lau kartelak eta Joana Elorriaga, Jessica Lataillade, Sergio Sánchez eta Liher Landetarenak erakusgai izan dira Portu Zaharra tabernan. Jai Batzordeko kideek adierazi zutenez, zortzi kartel hauetan lehiaketan egondako maila ona eta estiloen dibertsitatea ikus daiteke. Izan ere parte hartze bikaina egon da aurten, 27 kartel aurkeztu izan baitira.


Ikusi egitaraua agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun