Nahiz eta ekainaren 25eko udalbatzan PPk aurkeztutako mozioa onartua ez izan, popularrek eskatuta, jaien dekretuan aldaketak egitea erabaki zuen Getxoko Gobernu Batzordeak, "jai guneetan, txosnetan eta horien inguruan terrorismoaren apologia egitea debekatu dadin".
Esan beharra dago, udal arduradunek bere garaian azaldu zutenez, Algortako Portu Zaharreko jaietatik aurrera baino ez duela eragina aldaketak, aurrekoak hartzen dituen dekretua, San Inaziokoak barne, PPk eskaera egin aurretik idatzita zegoelako jada.
Badirudi PPk eskatutakoek azkenean eraginik izan dutela. Izan ere, Getxo Antimilitarista, Algortako Gazte Asanblada eta Segi taldeek izan behar zuten txosna jartzea debekatu du Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Guzti hau salatzeko komunikatua kaleratu du Algortako Portu Zaharreko Jai Batzordeak.
Algortako Portu Zaharreko Jai Batzordearen adierazpena
"Portu Zaharreko Jai Batzordearen ustez festen antolaketan parte hartzen duen talde orok du txosna jartzeko legitimitatea, parte hartze hori baita txosna izateko betebeharreko baldintzarik funtsezkoena, eta ez udalak bere nahietara ematen dituen baimenak.
Hori dela eta, guztiok berdinak garela uste dugu, udalak "legalak" eta "ilegalak" bezala sailkatzen gaituen arren. Hortaz, kolektibo bakoitzak bere txosna izateko eskubide osoa duela uste dugu. Horrela izango ez balitz, udalari arrazoi ematen arituko ginateke gure abiaburuak bazterrean utziz.
Jai Batzordea festen dinamizatzailetzat ez dute hartzen udal arduradunek eta, jarrera horrekin, Getxo udalerriko giza-taldeei oztopoak jartzen ari dizkiote Portu Zaharreko jaietan parte hartzeko.
Jai Batzordeko hainbat talderen defentsa-gabezi egoera aintzat hartuta, Getxoko Udalaren jokabideak Portu Zaharreko jaiak merezi duten pluraltasun printzipioa eta herritarren parte-hartzea ez dituela errespetatzen uste dugu.
Jai herrikoien alde"
Algortako Portu Zaharreko Jai Batzordea