Itsasoaren izenak - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abu. 11a, 19:21

Egun hauetan Algortako Portu Zaharreko jaiak ospatuko ditugu. Kostaldeko hainbat herritan bezala jaietako ospakizun eta jokuek harreman estua dute itsasoarekin. Mareak direla eta inoiz ezusteren bat izan da, altzadak egin gabe geratu ziren urte hartan bezala, mareak gora behar beste egin ez zuelako. Beharrezkoa da beraz taulak arretaz aztertzea jaiak ondo antolatzekotan.

Baina ez da hau orri honetara ekarri nahi dudan gaia. Goian diodan bezala itsasoari ematen dizkiogun izenetaz aritu nahi baitut. Zeren eta Portu Zaharreko jaiak, Santurtzikoak eta Zierbenakoak Abran ospatzen direla inork ez du zalantzarik izango, baina Punta Galea eta Luzero muturretik kanpoko itsas eremua nola deitzen da? Bizkaiko Itsasoa, Kantauri Itsasoa, Bizkaiko Golkoa, Bay of Biscay, Golfe de Gascogne? Sinonimoak al dira izen guzti hauek?

Euskal Herrian euskaraz zorionez gero eta gehiago argitaratzen diren mapa, liburu eta argitalpenetan ez duzue, tamalez, honen inguruko adostasunik ikusiko. Are gehiago, adostasun eza baino, zehazgabetasuna eta definizio eza da behin baino gehiagotan isladatzen dena. Hain kuttuna dugun Berrian adibidez, eguraldiaren iragarpenak egiteko batzutan Bizkaiko Itsasoa eta bestetan Kantauri Itsasoa esaten dute. Garak `Itsasoa gaur´ esaten digu eta izena saihesten du gehienetan. Euskalmet azken asteotan hainbeste iragartzen den web-orrian antzera jokatzen dute eta Itsasbazterra esanez nahikoa dute. Le Journal du Pays Basquen ez dute itsasoaren egoerari buruzko iragarpenik ematen. Errepide mapa eta testu liburu anitzetan goiko paragrafoko izen desberdinak topatuko dituzue, baina mugaketa argirik gabe.

Zehazgabetasun honek kontraesan nabaria sortzen du adibidez Lur entziklopedian, batetik Kantauri Itsasoa Bizkaiko Golkoaren parte bat dela eta ondoren Bizkaiko Golkoa eta Kantauri Itsasoa sinonimoak direla esaten digulako. Bizkaiko Golkoa. (...) Atlantiko Ozeanoko Golkoa, Euskal Herriko kostaldetik harantz zabaldu eta Galiziatik Bretainiara hedatzen dena. Kantauri itsasoa, Gaskoiniako kostaldea eta Bretainia Hegoaldeko itsasoa hartzen ditu. (...). Kantauri itsasoa. Atlantiko ozeanoan Espainiako iparraldeko kostaren eta Frantziakoaren mendebaldekoaren artean eratzen den sargune zabala, Bizkaiko golkoa izenez ere ezaguna. (...).

Kontuak kontu `Mar Cantábrico´ eta honen itzulpena den Kantauri Itsasoa Espainian eta mimetismoz Hego Euskal Herrian erabiltzen den izena da. Baina izenetik haratago itsasoa meteorologian Saharako basamortua kolonialismoaren garaian bezala marra zuzen askoren bitartez zatitzen da. Itsasoaren zatiketa hauek ez daude printzipio unibertsal batzuetan oinarrituta eta espainolek, frantsesek, britainiarrek eta portugaldarrek itsas eremu zabalen zatiketa desberdinak egin zituzten garai batean eta horiexek dira egun ere erabiltzen dituztenak. Espainolek Iberiar penintsularen ipar kostalde osoaren parean mugaketa paralelo bat egin zuten eta Mar Cantábrico deitzen diote. Ez frantsesek, ez britainiarrek, ezta portugaldarrek ere, ez dute horren antzeko mugaketarik egin. Meteorologian frantsesek Golfe de Gascogne deitzen dioten zatia eta britainiarrek Bay of Biscay deitzen dutena antzekoak dira eta euskal kostalde osoa eta gehiago hartzen dute, baina ez dira berdinak, eta espainolek Golfo de Vizcaya Bizkaiko kostaldetik urrun, Mar Cantábricotik iparraldera kokatzen dute.

Bizkaiko eta Gipuzkoako itsas-jendeak, hau hala bestea dela, ikasiak ditu espainolek darabilten itsasoaren mugaketak eta izendapenak, Lapurdikoek frantsesen mugaketa eta izendapenak ikasiak izango dituzten bezala. Euskal Herriko Klimatologo eta Meteorologoen Elkarteak bere web-orrian ehkme.org eguraldiari buruzko informazio zabala eskeintzen du, baita itasasoari buruz ere. Ez dakit elkarte honetan biltzen diren Pello Zabala, Jon Albisu, Joxe Landa eta beste batzuk, eguraldiaren azterketa zientifikoak euskaldunon eta Euskal Herriaren ikuspegi eta kokagunetik lantzeko hainbeste egiten ari direnak, inoiz hausnarketa sakonik egin duten itsasoaren izenen eta itsasoaren tarta zatitze desberdin horien inguruan. Haien webean sartu naizenean espainolek darabilten itsaso zatiketa ikusi dut.

Nire iritziz beste gauza askotan bezala honetan ere euskaldunok batzen gaituen bidea jorratu beharko dugu. Gure eguraldi iragarpenak egiteko zer aukeratu, espainolek egin duten itsasoaren zatitzea, frantsesek egin dutena, ala britainiarrek darabiltena aukeratu, frantsesak eta espainolak alde batera utziz? Azterketa, kontraste eta iritzi trukaketa handiagorik gabe ez naiz ausarzten formula zehatzik proposatzen. Eta zein izena aukeratuko dugu gure mapetan eremu urdin horretan jartzeko? Honetan intuizioak esaten dit Kantauri Itsasoa izena baztertzen hasi beharko ginatekela eta beste bi izenak geratuko litzaizkiguke: Bizkaiko Golkoa (edo Bizkaiko Itsasoa Jon Albisuk Berrian darabilen bezala) eta Golfe de Gascogneren euskal moldaketa, Baskoniako Golkoa. Holan idatzita inoiz ikusi ez, ezta entzun ere ez dudan arren, azkenengo hau gehiago gustatzen zait.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun