Freud bera aurki konturatu zen kontsidero anatomikoek ez zutela laguntza handirik eskaintzen, ez baitute organo edo kromosomen ezberdintasunek gure konfigurazio sexuala erabakitzen. Hain zuzen ere gaur generoaz hitz egiten badugu, batez ere emaitza psiko-soziala dela (eta ez biologikoa) azpimarratu nahirik egiten dugu. Freudek uste zuen ez dagoela, hasieratik, sexu femenino bat; feminitatea sexualitate maskulinoa ebakuatuz lortzen den bihurtze-prozesu bat dela. Libidoa sexu bientzat berbera dela uzten zuen, baina hura asebetetzeko orduan bitan zatitu zuen: aktiboa (maskulinoa) eta pasiboa (femeninoa).
Zelangura ere, Freudek ez zuen feminitatearen destinoa ebatzi. Bere doktrinaren arabera emakumearentzat zakilaren inbidia puntu gaindiezina zen. Lacanek La femme nexiste pas (artikuluaren azpimarra nirea da) bota zuenean Freudek arazoa utzitako impasse-tik atera nahian zebilen. Feminitatearen sexuaren arazoa gozamenaren eremura desplazatu zuen. Behin betiko: badago gozamen femenino bat, maskulinotik haratago dagoena.
Faloak menderatutako mundu honek emakume bati aukera bi eskaintzen dio. Bata, (zakilik gabeko) gizon izatea. Adibidea: Lynndie England soldadu estatubatuarra, hiritar irakiarrak torturatzeagatik harro agertu zena. Bia, gizonen desioaren objektu bilakatzea. Dena dela, eskaintza hori beste honekiko guztiz homogeneoa da: Kapitalak menderatutako munduak langile bati ere bi aukera uzten dio. Lehena, (dirurik gabeko) burges izatea; bigarren, bere lan-indarra burgesaren aberasteko desioaren objektu bilakatzea.
Lacanek, hala ere, emakume izatera iristeko hirugarren bide bat ere zabaltzen du, maitasunarena; zehatzago, maitasun-aitorpena, une horrek bi subjektuen arteko erlazioa sortzeko gaitasuna du-eta.
Nik neuk beste bat gehituko nioke bide horri: berdintasunaren aldeko borroka, alegia. Berdintasuna politikaren izen filosofikoa dela jakinda. Kote Ribera irundarrak Gararen Gutunak sailean (ekainak 29), Alarde mistoaren alde daramaten zortzi urteko borroka gogoratuz, ezin hobeto adierazi digu emakume bilakatzeko bide hori: Es duro que no se nos permita ser mujeres pero cuando encontramos a esa mujer que llevamos dentro resplandecemos como la luz del sol.