José Ignacio Sánchez Conde Correoseko Algortako bulegoan motoarekin posta banatzen zuen langilea hil zen joan den astelehenean, uztailaren 16an ohiko banaketa egiten ari zela izandako istripuan jasandako zaurien ondorioz, ordezkari sindikalek jakinarazi dutenez. ELA, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuek sinaturiko agirian, Correosen motoarekin banaketa egiteak gaur egun dakarren arriskua azpimarratu dute langileen ordezkariek, eta Zuzendaritzak ondorio horiek behar beste baloratzen ez dituela salatu dute.
Europa Pressek jasotako adierazpenen arabera, "istripuaren arrazoiak argi ditzakeen ikerketaren zain", eta ezagutzen ez dutena aurretik epaitu gabe, Lurralde Zuzendaritzaren "sentikortasun falta" salatu nahi izan du ordezkaritza sindikalak, ez delako gai izan gaiari buruzko informazio egokirik eurei helarazten, azpimarratu dutenez.
Horrela, joan den asteartean, hildako langilearen lankideek elkarretaratzea egin zuten Correoseko eraikinaren sarreran. Gainera, atzo "azken agurra" eman zioten hildako lankideari beste hainbat elkarretaratzeekin. Horrela, goizeko 9:30ean Bilbon izan ziren, Correoseko Bulego Nagusiaren aurrean, eta lurraldeko gainontzeko bulegoetan ere elkarretaratzeak izan ziren.
Elkarretaratze hauekin omenaldia egin nahi izan diote José Ignació Sánchez lankideari, eta Lan Arriskuen Prebentziorako Legea betetzea exijitu diote Correosen Zuzendaritzari, "laneko istripuen gaitza" buka dadin.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.