Gorbeia aldea parke natural egin zuten orain dela urte batzuk, baina hara igotzeko lehengo gurpideak errepide bihurtzen ari direla ikusten dut, eta aparkalekuak gero eta handiagoak dira, Pagomakurrekoa kasu. Kotxeek hara joatea oraindik ere errazago izan behar ei dute. Aralarren gauzak ez dira samurragoak: Parke naturalaren legeak aldatu guran dabiltza, turismoari hara hurbiltzeko erraztasun handiagoak ematearren, mendizerra hori alderik alde zeharkatzen duen errepidea nahikoa izango ez balitz bezala. Eta gainera orain arte Belagua aldean mendizaleen elkargunea izan den aterpea itxita dugu, eta zergatik? Errentagarria ez delako? Eski pista berri horretan konplexu turistiko bat egiteko? Bertan Euskaldun gehiegi dabilelako? Eta Euskal Herrian horrelakoak asko aipa genitzake.
Euskal Herritik kanpo, Piriniotan eski pista erraldoien proiektuen mehatxua gainean dugu, eta gainera uztailan tristuraz ikusi dut Bujarueloko aintzinako mesoi zaharra taberna-jatetxe-aterpe turistiko bihurturik dagoela, eta ez mendizaleen mesedetan. “Picos de Europa” aldean mendi aterpeak gero eta urriagoak dira, eta goiko eremuetan ere hotelak, hostalak, landetxean ugaritzen ari dira, eta horri zera gehitu behar zaio: Orain arte oinez bakarrik joan zitekeen Bulnesko herriak lurrazpiko funikular bat daukala, baina ez herritarren mesedetan bakarrik (zilegi izango litzatekeena), milaka turista ez-mendizaleen mesedetan baino.
Eta hauxe galdetzen dut: Lehen ere kaletarrok ez ote geneukan erraztasunik mendi eremuetara hurbiltzeko? Mendi eremu eta mendizaleen eta artzainen eremu diren horiek jende gehiago hurbiltzeko eremu turistiko bihurtu behar ote dira gutxi batzuen interes ekonomikoari begiratzearren? Gure inguruan ere mirestea merezi duten balio handiko eremu naturalak ditugu, eta horretarako ez dut uste Himalaya, Karakorum edo Andeetaraino joan beharko genukeenik. Mendian askotan gabiltzanok hurbilean daukagunaz gozatu gura dugu, eta mendiak mendi gura ditugu eta ez kotxez ondo-ondora ailega daitezkeen lorategi erraldoi bihurturik ikusi. Lorategiak herri eta hiriguneetan dira beharrezko (herritarren eskura ez dauden hainbeste etxe egin barik), eta mendietan eremu basatiak behar ditugu, berorietan inguruko artzinek atarramendua ateratzeko beste eta mendizaleak gozatzeko aukera izanik, bestela lekutan geratzen da gure herrietan hainbestetan aipatzen den garapen iraunkorra. Gaur posible izan liteke, bihar berandu izango da!
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!