Getxoko Folk Jaialdiak hogei urte beteko ditu aurten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abu. 31a, 22:09

(Argazkian, Ibon Koteron albokaria)

Hogei urte beteko ditu aurten, irailaren 1a eta 4a bitartean ospatuko den Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiak. Prestaturiko egitarau "zabalak" Touré Kunda talde senegaldarra eta Ibon Koteron albokari euskalduna izango ditu izarrik esanguratsuenak. Marta Herrera jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, kultura ezberdinen arteko "tolerantzia eta errespetua" lantzeko, aurreko edizio guztietan Getxo Folk izan duen bitarteko irudia "indartu" nahi izan dute aurtengoan. Dohainik izango dira kontzertu guztiak.

Getxoko Kultur Etxeak antolaturiko jaialdiak 210 mila eurotako aurrekontua du. Horretaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioko, BBKko eta Metro Bilbaoko babesa jaso du Getxo Folk 2004k. 2003an 50 mila ikusle izan zituen guztira, eta aurten, kopuru horretara heltzea espero dute antolatzaileek. Kontzertuekin batera, Bidezko Merkataritza Azoka eta Munduko Terraza izango dituzte bertara hurbildutakoek, herrialde ezberdinetako produktuak erosi eta dastatzeko.

Emanaldiak

Kontzertu nagusiei dagokienez, Areetako Geltokiko Plazan izango dira, 21:30ean. Horrela, Ibon Koteron izango da Getxo Folk jardunaldiei hasiera emateko arduraduna, irailaren 1ean. Oraingoan, "Airea" bere lan berriko kantuak aurkeztuko ditu. Horretan, Europako eta Afrikako soinuak eta erritmoak bildu ditu Koteronek.

Irailaren 2an, Thalweg taldeari helduko zaio txanda. Honek bretainiar eta magrebtar doinuak uztartzen ditu perkusioa, gaita eta antzeko instrumentuak erabiliz. 2000an sortu zen taldeak Aljeriako eta, zehatz mehatz, Kabilia lurraldeko eguneroko bizitzako pasarteak islatzen ditu.

Touré Kunda talde senegaldarrak emango du kontzertua irailaren 3an. Touré anaiek osaturiko taldeak 1970eko hamarkadaren bukaeran ekin zion bere ibilbideari. Ordutik hona, bere herrialdeko soinu tradizionalak zabaldu ditu mundu osoan zehar. Senegaleko doinuetan oinarritu arren, gaur egungo musikarekin uztartzen dituzte horiek, musika tresna elektrikoak erabiltzen baitituzte. Besteak beste, New York eta Parisen eskaini dituzte emanaldiak; baita Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiaren aurrean ere.

Azkenik, La Volée D'Castors talde quebectarrak emango dio bukaera Getxo Folk jaialdiari, irailaren 4an. La Bottine Souriante taldearekin batera, Quebeceko musika taldeen artean ezagunena da La Volée D'Castors. Mugarik ezagutzen ez duen musika interpretatzen dute, soinu tradizionalak eta gaur egungo konponketak uztartuz. Lau disko dituzte guztira.

Arratsaldeko kontzertuak

Beste alde batetik, ohikoa denez, nazioarte mailan oso ezagunak ez diren arren, kalitate handia duten taldeei egingo zaie lekua arratsaldeko kontzertuetan. Aurtengoan, Xuacu Amieva (Asturias), Kukuma (Euskal Herria), Kilema (Madagaskar) eta Sidi Samb (Senegal) taldeak arituko dira. 19:00etatik aurrera izango dira, Erromoko Santa Eugenia kaleko karpapean.

Gauetan ere, zer ikusi eta zer entzun egongo da Getxo Folk 2004 jaialdian. Arratsaldeko kontzertuetan bezala, Santa Eugenia kaleko karpatik igaroko dira Belsech Rodriguez (Kanariar Uharteak), Zoobazar (Madril), Taray (Murtzia) eta Nubeira (Galizia), 23:15etik aurrera.

Ikusi egitarau osoa agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun